Lazkao Txiki oroituko dute jaian musika, bertso eta dantza saioan
Apirilaren 3an 22 urte bete ziren Joxe Migel Iztueta Lazkao Txiki bertsolaria hil zela. Urteroko legez, Lazkaoko oroitze ekitaldia egingo dute, udalak, Gerrikok, Oin Arin dantza taldeak, Lazkao Txiki Musika Eskolak eta Goierriko Bertso Eskolak osatuta....
Musika ikasleek eta irakasleek euskal doinuak aireratuko dituzte, bai tresnak joz, bai abestuz. Haurren nahiz helduen abesbatzek kantatuko dute. Oin Arineko dantzariek ere saioak egingo dituzte, ikuskizunean zehar.
Ikustera joaten direnek ere parte hartu ahalko dute. Bi kantu ospetsu guztiek batera abestuko dituzte. Dantzaldia ere izango da, bukaeran. Salda banatuko dute, bestetik.
Jaialdia borobiltzeko, The Kites ahots boskoteak ere interpretatuko du piezaren bat. Bertsoak Goierriko Bertso Eskolakoek botako dituzte.
Bertso afaria, gaur
Ohitura den beste saio bat ere antolatu dute, Lazkao Txikiren omenez. Bertso-afaria egingo dute, gaur, Lazkaomendiko Lartxai elkartean, 20:30ean. Maialen Lujanbio eta Unai Agirre hernaniarrak ariko dira bertsotan.