Oraina garelako, ekin borrokari!
Eider Jimenez. Ernai Goierri.
Maiatzaren 1a Langileon Nazioarteko Eguna dugu, kalea aldarrikapenez josteko borroka eguna. Euskal Herrian eta nazioarteko beste herri borrokalarietan, langileriak jendarte justu baten aldeko borroka eraman du aurrera urteetan eta aurten ere ezinbesteko zita daukagu. Kapitalaren diktaduraren ondorioak inoiz baino nabarmenago jasaten ari garen honetan, inoiz baino arrazoi gehiago dauzkagu kaleak astintzeko.
Gazteok lan esku merkea gara patronalarentzat, bere poltsikoak kapitalez betetzeko beharrezko duen pieza sinple bat. Zapalduak eta esplotatuak gara. Eredu merkantilistaren mesedetara diseinaturiko hezkuntzaz buruak bete eta peoi lanetan aritzera bideratzen gaituzte, merkatu kapitalistaren tresna bilakatuz. Hori gutxi ez nonbait, gure eskubideak defendatzeko eskubidea ere ukatu nahi digute.
Bizi prekariora kondenatzen gaituzte beraiek sabela angulaz betetzen duten bitartean. Faltsuak diren ametsez marrazten digute etorkizuna oraina borrokatu ez dezagun. Patronalaren mesedetan diharduten politikariak gure emantzipatzeko ezintasuna areagotzen dute, beraien lagunen interesak defendatzen dituzten bitartean herritarron kontura.
Iruzur honen ondorioak era lazgarrian jasaten ditugu gazteok: musu-truk egin beharreko lan-praktikak, langabezia, aldi baterako lanaldi prekarioak, halabeharrez atzerrira alde egin beharra… Gaztea, emakumea eta atzerritarra izanez gero, zer esanik ez. Evaristok esaten duen legez, XXI. mendeko esklaboak gara.
Egoera kaskarra baldin bada ere, ez dago beste irtenbiderik borrokatzea baino, erroko arazoa kolpatu eta iraultzea. Gure bizi eredu propioak eraikitzera salto egin behar dugu, sistemaren kateetatik ihes egin eta bizitza erdigunean jarriko duen eredua eraikiz.
Egunerokotasunean dago gakoa, norberarengandik hasi eta kolektiboraino txinaurri lana egitean. Herriz herri, horretan ari gara makina bat goierritar ere. Herri aske, sozialista eta feministara bidean, borrokarako espazioak eskaintzen, eredu ustel hau salatzen eta bizi eredu berria eraikitzen ari gara.
Bide horretan, ezinbestekoa da gazteok ere Nazioarteko Langile Egunean kalera ateratzea. Horregatik guztiagatik, maiatzaren 1ean, ostirala, LABek Goierri mailan antolatu duen manifestazioan parte hartzeko deia egiten dugu.