Zeraingo Udalean aniztasuna egon dadin aurkeztu du zerrenda EH Bilduk
Parte hartzea sustatzea, eskola indartzea eta gazteei herrian bizitzeko aukera ematea proposatu dute. Herri Kandidaturak zerrenda erretiratzea «tristea» dela esan duteLehen aldiz aurkeztu du EH Bilduk hautagaitza Zerainen. Orain arte, 1979az geroztik...
Parte hartzea sustatzea, eskola indartzea eta gazteei herrian bizitzeko aukera ematea proposatu dute. Herri Kandidaturak zerrenda erretiratzea «tristea» dela esan dute
Lehen aldiz aurkeztu du EH Bilduk hautagaitza Zerainen. Orain arte, 1979az geroztik, zerrenda bakarra aurkeztu izan da Zerainen, herritarrek aukeratutako hautagaiekin osatua. Aurten, ordea, EH Bilduk hautagaitza aurkeztu du bi helbururekin: udalean aniztasuna egotea eta orain arte udalean ordezkaritzarik izan ez duen jendeari horretarako aukera ematea. Hala azaldu du Arantxa Ruiz de Larrinaga alkategaiak.Asmoa udalean ordezkaritza lortu eta Herri Kandidaturakoekin elkarlanean aritzea bazen ere, hautagaitza erretiratzeko asmoa agertu zuten haiek herrian zerrenda bat baino gehiago aurkeztearekin ez daudelako ados. Hortaz, udal gobernua osatzea egokituko zaio EH Bilduri Zerainen. Ez zuten espero, baina «ilusioz» hartu dute ardura.
Azken hilabeteetan prestatutako programa aurkeztu dute, Hari gara egitasmoaren bidez herritarrengandik jasotako proposamenetan oinarrituta. Hainbat puntu jasotzen ditu egitasmoak, baina garrantzitsuenen artean daude «herritar guztiak udalarentzat berdinak izatea», diru kudeaketan gardentasuna, parte hartzea sustatzea eta eskola indartzea.
Bestalde, herrian bizitzeko «aukera erreala» eskaini nahi diete Zeraingo gazteei eta nagusiei. Horretarako proiektuak garatuko dituztela esan dute. Era berean, goi tentsioko linearen aurka lan egiteko konpromisoa hartu dute.
«Denak zeraindarrak»
Zeraingo EH Bilduren zerrenda osatzen duten kide guztiak berriak dira udalean, eta jatorri anitzekoak. Hori bai, batzuk Zerainen jaioak ez izan arren, «denak zeraindarrak» direla nabarmendu du Ruiz de Larrinagak. «Denetik daukagu zerrendan: jubilatuak, langileak, lehen sektorekoak, ikasleak…». Generoari dagokionez ere aldaketa dago, lehen aldia baita Zeraingo udalerako emakumezko alkategaia aurkezten dena.
Herri Kandidaturak zerrenda erretiratu izana «tristea» dela adierazi dute, elkarlanean aritzea baitzen EH Bilduren helburua.
Dena den, udaletik kanpo bada ere, elkarlan horri ez diotela aterik itxiko argitu dute, eta herritar guztiengana iristen saiatuko direla.