Udalak 75 urtetik gorako zaldibiarren egoera aztertu du, gizarte zerbitzuen berri baduten neurtzeko. Osasunez «ondo» daude, orokorrean. Bakardade egoerarik ez dute sumatu zaharrenganZaldibian 75 urtetik gorako bizilagunen egoera zein den jakiteko azt...
Udalak 75 urtetik gorako zaldibiarren egoera aztertu du, gizarte zerbitzuen berri baduten neurtzeko. Osasunez «ondo» daude, orokorrean. Bakardade egoerarik ez dute sumatu zaharrengan
Adinekoek dituzten beharrak aurrez detektatzea izan da azterketaren helburuetako bat / AImar Maiz
Zaldibian 75 urtetik gorako bizilagunen egoera zein den jakiteko azterketa bat egin du udalak. Menpekotasunik duten, bakardade arazorik baduten, eta, batik bat, udalaren gizarte zerbitzuen berri baduten jakiteko zen ikerketa. Nerea Cavillo gizarte langile ordiziarrak burutu du, banan-banan elkarrizketatuz.
Biztanleria «geroz eta zaharragoa» dela eta, udalaren kezka zen ea adinekoek zer zerbitzu eta laguntza dauzkaten badakiten neurtzea. «Ondorioa da uste baino jende gehiagok ezagutzen dituela Gizarte Zerbitzuak. Uste genuen baserri aldeetan eta herri gunetik urrutien bizi direnengan hutsunea egongo zela. Baina ez, jendeak informazioa badauka, eta laguntzak jasotzen ditu», ondorioztatu du Calvillok.
Zaldibiako erroldako 75 urtetik gorako 142 pertsonen komunitatea aztertu dute. Erdiek parte hartu dute inkestetan eta elkarrizketetan. Lehenbizi eskutitz bana bidali zitzaien denei; gero telefonoz deitu, eta hitzordua adostu zutenekin elkarrizketak egin ditu ikertzaileak, etxeetan.
Ondorioen artean, laino bakarra partaidetza txikiarena izan da. «Pena bakarra da erdiek parte hartu dutela. Parte hartu ez dutenek esaten zuten informazioa badaukatela», dio Calvillok.
Nora jo badakite
Kezka nagusietako bat uxatu du udalak: adineko zaldibiarrek badakite nora joan behar duten laguntza edo informazio eske. Inkestatutako gehienak, gainera, baserrietakoak dira: «Baserrian bizi direnek irekitasun gehiago zeukaten elkarrizketan parte hartzeko, herrian bizi direnek baino. Ikusi dugu baserrietakoek ere badaukatela informazioa. Herrian bizi direnek gutxiago parte hartzea, izan liteke agian udaletxea bertan dutelako eta edonoiz joan daitezkeelako».
Beste ondorio bat, Zaldibiako udal Gizarte Zerbitzuak «gertu» sentitzen dituztela. «Gertutasun handia dute. Herri txikia da, gizarte langilea hogei urtetik gora ari da han lanean. Egokitu zaie noizbait joan behar izatea. Gertutasun hori positiboa da».
Zerbitzu sozialez iritzi ona bildu dute, gainera. «Jendea gustura dago. Oso jatorrak direla diote, beti laguntzen dietela. Herri handiagoetan hotzagoa izan ohi da iritzia», ebatzi du ikertzaileak.
Elkarrizketan honako gaiak ukitu dituzte: familiaren egoera, etxebizitzaren egoera, egoera ekonomikoa, osasuna, garraioa, harreman sozialak, ekitaldietan parte hartzen duten, eta Gizarte Zerbitzuak ezagutzen edo erabiltzen ote dituzten.
Orokorrean, ikerketa «positiboa» izan da: gizarte arloko zerbitzua jasotzen dute herritarrek. «Ez dago familiarik diru laguntzarik jaso ezin duenik. Jendea babestuta dago, alde horretatik».
Bakardaderik ez
Galdetutakoaren artetik, zaharren arazo izan ohi diren gaiak nola dauden ikusi dute, bide batez. Bakardade arazorik ez dute sumatu. «Gure beldurra zen adinekoren bat familiarik gabe eta bizilagunen laguntzarik gabe egongo ote zen. Ez dago inor bakardade egoeran, inolako laguntzarik gabe».
Estaldura sozial hori, etxekoek edo auzokoek ematen dutena, garrantzizkoa da. Bestetik, adinekoek osasun ona dutela dio ikerketak, orokorrean. Eguneroko gauzak egiteko —ibiltzeko, janzteko, jateko, osasunez…—, %49,2k ez du batere laguntzarik behar. «Datu ona iruditzen zait. Jendea osasunez nahiko ondo mantentzen da. 84 urterekin baserrian oraindik lanean aritzea, osasun ona edukitzea da».
Aktibo mantentzea litzateke osasun horren arrazoia. «Halako bizitza izan dute: baserrian beti lanean ohituta, baratzean edo gora eta behera. Urteak pasatu ahala, aktibitate horrekin segitu dute. Bestetik, baserrian izan duten elikadurak ere laguntzen du», dio Calvillok.
Zaharren beharrak aurrez detektatzea ere bazen azterketaren beste helburu bat.