Idi pare zaharrarekin jardungo dira lehenengo, zaldibiarra hasita; ondoren, kintopekoak aterako dituzte
Elosegi, ‘Bildu’ eta ‘Sortu’ idiekin
Gutxitan ikusi ohi den idi dema izango da, ostiralean, Aiako probalekuan (Gipuzkoa). Roman Elosegi Zaharra zaldibiarrak eta Iñaki Lopategi bizkaitarrak jokatuko dute elkarren aurka. Baina, ohiko idi pare bana atera beharrean, idi zale bakoitza bina uztarrirekin lehiatuko da: idi zaharren pare bat, eta kintopeko edo aurten hasi diren beste pare bat.
Ostiralean 21:00etan hasiko da desafioa. Idi zaharrekin hasiko dira, eta bigarren txanda gazteek osatuko dute. Tira egiten lehenbizikoak Elosegiren
Bildu eta
Sortu izango dira, eta jarraian aterako dira Lopategiren zaharrak, Sabardini erositakoak. Hain zuzen, iazko martxoan elkarren aurka egin zuten apustua bi idi zaleek, leku berean. Orduan zaldibiarrak irabazi zuen, aurkariaren 61 plazako marka lauzpabost segundogatik onduta (61 plaza eta buelta hartu). 6.000 euro poltsikoratu zituen.
Zaharrek 100 kiloko karga
Aiako plazako 1.750 kiloko harria erabiliko dute. Idi zaharrek 100 kiloko plakaren gainkarga eraman beharko dute. Gazte edo kintopekoek, harria soilik.
Idi bikotea 1.100 kilotik pasatzen bada, kilo bakoitzeko kilo eta erdi erantsiko diete. Pisaketa ostiralean bertan egingo dute, 10:00etan. Plaza garbiketa eta harria ibiltzea, berriz, 19:00etan.
Bigarren txandan, kintopekoen arteko deman, Lopategik tira egingo du aurrena, eta Elosegik azkena. Desafioa, ordea, plaza kopuru orokorrean nor gehiago izan da. Idi zaharren nahiz gazteen iltzeak kontatuko dituzte.
Alde bakoitzak 6.000 euro botako ditu. Sarrerena erdibana jasoko dute, gastuak kenduta. Elosegiren idiekin, Inaxio Telleria eta Iñaki Urrutia ibiliko dira itzain. Lopategiren aldetik, Luis Lopene eta Jagoba Tubilla. Apustua hasi aurretik, itzain bakoitzak aurkako jabearen aurrean aldatu beharko du.
Irabazteko itxaropenez
Baikor da Elosegi, desafioari begira. «Itxaropena badaukagu. Kintopeko gazteek bi plaza eginak dituzte, Aian martxoan eta Laudion hilabete geroago».
Idi zaharrek, iaz kintopeko urte bikaina osatu zuten, apustu eta dema asko irabazita. Orain hamabost egun egin zuten azkeneko erakustaldia, Debako San Isidro festan. Giza-proba taldearen aurka aritu ziren, eta «ederki» ibili ziren, jabearen arabera.
Sarrerak Aiako probalekuan bertan erosi beharko dira.