Pilota eskolako haurrei profesionalak etorriko zaizkie gaur, eta Realeko jokalariak bihar
Herriko festa nagusiak negu gordinean izateak arrisku hori dakar: elurra. Aurten, San Blas egunean mara-mara ari zuen Idiazabalen, eta egun horretan gauzatu ohi diren herriko txirrindulari lasterketa eta paella erraldoia bertan behera utzi behar izan zituzten.
Atzeratutakoak berreskuratzeak, abantaila ere badu: normalean egiten ez den garaian festa jartzea. Eta horixe egingo dute idiazabaldarrek. Gaur hasiko den Kirol Astea
sanblasetako osagaiekin hornituko dute.
Lau eguneko egitaraua prestatu dute, kirolaren inguruan Idiazabalen aritzen diren eragile ugari elkartuta. Gaur arratsaldean, pilotari profesionalen bisita jasoko dute herriko pilota eskolako haurrek. 18:30ean Axari Trail mendi lasterketa aurkeztuko dute, udaletxean.
Jokin Lizeagaren hitzaldia
Axari Trailen aurkezpena baliatuz, Jokin Lizeaga prestatzaile fisiko eta korrikalaria gonbidatuko dute, gaur, Idiazabalera. Hitzaldia egingo du, 19:00etan.
Euskal Selekzioko korrikalaria izateaz gain, beste mendi lasterkari batzuk ere prestatzen ditu Lizeagak; tartean Aritz Egea, Manuel Merillas, Nuria Picas, Jordi Gamito edo selekzioko kideak. «Mendi lasterketen sona handitzen ari da egunetik egunera. Lasterketen izen-emateak denbora gutxian agortzen dira, material berriak eguneratzen dituzte, geroz eta jende gehiagok dauka prestatzaile fisiko berezitua», aurreratu dute antolatzaileek, hitzaldiko gaiei buruz.
Bihar Realeko jokalari batzuek bisitatuko dute Idiazabal. Solasaldia egingo dute, 19:00etan, udaletxean. Ostiralean, berriz, Maider Mendizabalen
Me reto 100 dias ekimenaren aurkezpena (18:00), eta Idiazabal Kirol Elkartearen mendi sailaren I. Argazki Digitalen proiekzioa eta sari banaketa daude (19:00).
Festa egun atzeratua larunbatean berreskuratuko dute. Haurren txirrindu lasterketa 11:00etan hasiko da, eta helduena 12:00etan. Paella-jan herrikoia 14:00etan izango da, frontoian. Txartelak Izparren daude salgai. Plater-tiro lehiaketak (15:30), frontenis txapelketaren finalak (18:30) eta gaztetxean kontzertuek osatuko dute Kirol Astea.