Igor Gutierrez: "Kirolaren helburua gorputzeko desorekak orekatzea izan behar du"
Igor Gutierrezek 'Emakumeak eta Ariketa Fisikoa' hitzaldia egin du Beasainen. Hainbat jarduerek emakumeengan sortzen dituzten eragin positiboak nahiz negatiboak azpimarratu ditu.
Zergatik nabarmendu nahi izan dituzu emakumeak ariketa fisikoaren gaian?
Gizonezkoentzako ere balio du esaten dudanak, baina batez ere emakumeei hitz egin nahi izan diet. Izan ere, azken urteetan era sistematiko batean ariketa fisikoa egiten hasi dira emakumeak, gizonezkoek egiten duten ariketa fisikora asko gerturatuz. Hobea zela pentsatuz hartu dute bide hori, baina erabaki horrek eragin kaltegarri batzuk sortu ditu emakumeen gorputzetan.
Zeintzuk dira ondorio horiek?
Emakumeen gorputza anatomikoki, gizonezkoenarekin alderatuta, oso desberdina da; sabelaldeko eta zoru pelbikoki giharrak adibidez oso desberdinak dira. Emakumezkoaren gorputza oraindik ez dago prestatuta gizonezkoek jasan dezaketen karga maila berdinerako. Hemendik 50 urtera, seguraski, emakumearen gorputza eta giharrak moldatu egingo dira, eta beraien funtzionamendua aldatuko da.
Adibiderik jar dezakezu?
Adibidez, haurra izan duen emakume batek denbora bat beharko du zoru pelbikoa egoera onera itzultzeko. Gizonezkoek bi zulo dituzte eta emakumezkoek hiru. Bagina da hirugarren zulo hori eta baginak ez dauka esfinterrik, naturalki ixten da. Haurdunaldiarekin tonua galdu egiten du. Kirol batzuk txizari eusteko zailtasuna, bizkarreko minak, diafragman blokeoak…. sor ditzakete. Beraz, txizak ihes egiten badizu, adibidez, korrika egitea ez da komeni. Zenbait ariketa fisiko egin aurretik gorputza prestatzea komeni da.
Zer hartu behar da kontuan?
Besteak beste, bakoitzaren postura nolakoa den aztertu behar da, diafragma nola dagoen, estres maila nolakoa den…
Zein gomendio eman nahiko zenuke?
Lehenengo, bakoitzaren gorputzaren balorazio bat egin beharko genuke, eta horren arabera erabaki zein ariketa mota egin. Kontuan izan behar dugu ariketa fisikoaren helburua, eguneroko bizimoduak eragiten dizkigun gorputzeko desorekak orekatzea izan behar duela. Desoreka mota horien arabera aukeratu beharko da ariketa fisikoa. Batzuei adibidez, luzaketak egitea komeniko zaie. Era global batean gihar katea lantzeko lan posturala oso garrantzitsua da.