Uggasak Sortzen Topagunea antolatu du ekintzaileak elkartzeko

Ugassak, Urola Garaiko Garapen Agentziak, Sortzen Topagunearen 7. edizioa antolatu du ostiralerako. Ekimen honen helburua Goierri garaiko ekintzaileak elkartzea da eta haien artean ezagutzea. Topagune bakoitzak gai bat izan ohi du, eta aurtengoak ‘KO’ lantzea du gaitzat: kolaborazioa, komunikazioa…

Sortzen Topaguneak hiru ordu pasako iraupena izango du. Aurten, Urretxuko Mugitegi Poligonoan dagoen Sortzen Enpresagunea izango da topaleku nagusia. 18:45ak eta 19:00ak bitartean, akreditazioak jaso beharko dituzte parte-hartzaileek, eta ongi etorria eman ondoren, autobus bat hartuko dute eskualdeko hiru ekintzailek sortutako hiru enpresa bisitatzera joateko.

Bisitaren ondoren, Urretxuko Sortzen Enpresagunera itzuliko dira, eta Cowork espazioa bisitatuko dute. Cowork-a hainbat esparrutako ekintzaileek partekatzen duten lan espazio komun bat da. Aurtengo Topagunea pintxo-potearekin amaituko da, 21:30ean.

Topagunearen antolatzaile Amaia Amenabarrek adierazi du «40-50 lagun inguru» elkartuko direla aurtengo saioan, eta ekintzaileek ez ezik, interesa duen edonork har dezakeela parte. Izena emateko 943 72 58 31 telefono zenbakira deitu behar da edo sortzen@uggasa.com helbide elektronikora idatzi. Plazak mugatuak dira.

Formazio saioaren amaiera

Topaguneaz gain, ostiralean bertan SBitamina formakuntza programaren azken saioa egingo da. «Aurten 10 proiektuk parte hartu dute saio horietan, eta 70 orduko formazioa jaso dute», zehaztu du Amenabarrek.

Goierri garaiko ekintzaileei begira antolatzen diren saioak dira, eta hiru helburu nagusi dituzte: lehiakideengandik bereiztea, balio erantsi handiagoa izatea eta lehiakorragoak izatea. «Saio hauetan Uggasan aholkularitza jaso duten ekintzaileek, Sortzen Topaguneetan parte hartu dutenek, Inkugabetikoek eta Cowork-ekoek hartu ohi dute parte», nabarmendu du.

Programa hau KBidasoarekin lankidetzan antolatzen da, Sortzenek dituen helburu berak baititu: elkarlanean aritzea, proiektu partekatuak garatzea eta pertsonen arteko harremanak eta sinergiak sortzea.

Send this to friend