Ataungo Aiako festak hasiko dira bihar, eta Altamira auzokoak etzi
Aia auzoan Santa Isabel jaiak ospatuko dituzte igandera bitartean. Ordiziako Altamira auzoan hiru eguneko egitaraua prestatu dute, eta igandean amaituko diraSan Pedroak izan ziren aurreko asteburuan Goierriko hainbat herri eta auzotan. Asteburu honetan...
Aia auzoan Santa Isabel jaiak ospatuko dituzte igandera bitartean. Ordiziako Altamira auzoan hiru eguneko egitaraua prestatu dute, eta igandean amaituko dira
San Pedroak izan ziren aurreko asteburuan Goierriko hainbat herri eta auzotan. Asteburu honetan, berriz, Zumarragako Santa Isabel jaiez gain, bi auzotako jaiak ere izango dira: Ataungo Aia auzokoak, eta Ordiziako Altamirakoak. Bihar hasiko dira Aiakoak, eta etzi Altamirakoak. Bukatu, berriz, bietakoak igandean.Aia auzoan meza nagusia (11:00) eta ondorengo hamaiketakoarekin hasiko dute Santa Isabel eguna. Herri bazkaria ere izango dute, Iban Urdangarin eta Iker Zubeldia bertsolariekin, eta Santi eta Katxo trikitilariekin. Eguna amaitzeko, toka txapelketa antolatu dute, 19:00etan.
Etzi, berriz, haurren eguna izango dute. 16:00etatik aurrera Pili Eskisabel ipuin kontalaria, Otsoak dantza taldearen emanaldia, zirko tailerra eta haurrentzako jolasak izango dira. Txokolate beroa banatuko diete gero haurrei, eta 21:00etan auzo afaria egingo dute. Kuntu! taldeak girotuko du gaua.
Haurrek bakarrik ez, gazteek ere izango dute lekua Aiako jaietan. Larunbatean izango da gazteen eguna. Sagardo eta sardina dastaketa egingo dituzte 18:30ean, eta bizikleta jaitsiera 19:30ean, Esatehaundiko antenatik plazara. 21:00etan gazte afaria izango da, eta gero kontzertuak: Emon, Guri Bost eta Dj Bull.
Igandean amaituko dira jaiak. Kantu poteoa egingo dute eguerdian, eta 12:30ean pilota partiduak jokatuko dituzte herritarrek. Arratsaldean, bestalde, 29. Dantzari Txiki Txapelketa egingo dute, 18:00etan. Eneko eta Lohitzuneren trikiti saioarekin esango diete agur Santa Isabel jaiei.
Altamiran mozorro gaua
Altamira auzoko jaiek egun bat gutxiago izango dute Ataungo Aiakoek baino, baina egitaraua bete betea dute hala ere. Etzi hasiko dituzte festak, 17:00etako txupinazoarekin. Bikotekako futbolin txapelketa (18:00), buruhandiak (20:00) eta jubilatuentzako modakua (20:30) izango dira arratsaldean zehar. Gauean, berriz, Potrotaino eta Nazarenos del Norte taldeen kontzertuak izango dira, eta jarraian Dj Jerryrekin dantzaldia.
Larunbatean haurrei zuzendutako ekintzak izango dira asko: krosa (10:00), marrazki lehiaketa (10:30), apar festa (18:00) eta buruhandiak (20:00). Beste hainbat ekintza ere izango dira, ordea. Bigarren urtez pintxo lehiaketa eta gazta dastaketa egingo dituzte eguerdian, eta ondoren bertso poteoa auzoko tabernetan. Mus txapelketa ere izango da, 16:00etan, eta gaueko hamarretan bakarrizketa saioa. Musika ere izango da, 23:30etik aurrera: Drindots, Dj Patxanga eta Dj Xabeat. Dagoeneko ezaguna egin den mozorro lehiaketa, bestalde, gauerdian hasiko da eta igande goizaldean egingo dute desfilea.
Igandean amaituko dira jaiak Altamiran ere, 22:30ean, sardinaren hiletarekin. Egunean zehar toka txapelketa (16:00), Gorriti eta bere animalien erakustaldia (18:30) eta Dj Jerry-rekin dantzaldia (19:30) izango dituzte auzotarrek.