Bero kolpeak 38,5 graduko tenperaturak utzi ditu Goierrin
Arratsaldeko 15:30ean jo zuten puntu gorena termometroek. Kalean ohikoa baino jende gutxiago ibili da. Itzal guneak eta igerilekuak aukeratu dituzte askokEguraldi iragarpenak bete egin dira eta bero kolpeak gogor jo du Euskal Herrian, batez ere barneal...
Arratsaldeko 15:30ean jo zuten puntu gorena termometroek. Kalean ohikoa baino jende gutxiago ibili da. Itzal guneak eta igerilekuak aukeratu dituzte askok
Eguraldi iragarpenak bete egin dira eta bero kolpeak gogor jo du Euskal Herrian, batez ere barnealdean. Goerrin, urteko tenperaturarik altuenak markatu zituzten atzo termometroek, eta zenbait unetan, kaleak ia hustu egin ziren. Goizetik nabaritu zen bero sapa, eta arratsaldean jo zuen puntu gorena. Euskalmet meteorologia agentziaren arabera, 38,5 graduko maxima erregistratu zuten Ordiziako meteorologia gunean.Kaleetan ere nabaria zen bero kolpearen eragina. Ohikoa baino jende gutxiago ikusten zen paseoan, eta zebiltzan apurrak, itzal bila. Tabernetako terrazetan ere, mahairik gehienak hutsik zeuden arratsalde partean. Askok, kostaldera, itzalguneetara edota igerilekura jotzeko aprobetxatu zuten eguna.
Hain zuzen ere, igerilekuak izan ziren atzo beroari aurre egiteko lekurik bisitatuenak. Beasaingo Antzizar kiroldegian, esaterako, jendez beteta zegoen igerilekua atzo arratsaldean. Ordiziako Majori kiroldegian ere, jende asko izan dutela azaldu dute. «Aste osoan nabaritu da, batez ere arratsaldeetan jende asko etorri da».
Kaleko termometroek batez ere eguzkitan daudenek 42 gradutik gorako tenperaturak ere markatu zituzten atzo. Hala ere, Ordiziako estazio meteorologikoan, 15:30ean hartu zuten eguneko tenperatura maximoa: 38,5 gradukoa. Hezetasun maila berriz, %40tik gorakoa ere izan zen, zenbait unetan. Iluntze partean, haizea apur bat aldatu zen, hegotik ipar-mendebaldekora, eta horrek, tenperaturak bospasei gradu jaistea ekarri zuen.
Gaur, freskoxeago
Euskalmet meteorologia agentziaren arabera, gaur ere bero handia egingo du, baina atzokoa baino apalagoa. Orokorrean 35-37 gradu inguruko maximak iragarri dituzte gaurko.
Oskarbi esnatuko du egunak, eta hego-ekialdeko haizeak beroa ekarriko du berriz ere. Iluntzean, ipar ukituko haizeari esker, freskatze aldera egingo du berriz ere. Iluntzean hodeiak ugarituko dira, eta litekeena da trumoi ekaitzen bat botatzea. Bihartik aurrera ere freskatzen jarraituko du giroak.