Bertsolari gazteen saioak hasiko du Maizpideren udako kultura egitaraua
Goierriko sei gaztek saio egingo dute, gaur, Lazkaoko plazan
Maizpide euskaltegian hasi dute udako denboraldia. Bi ardatzetan antolatu dute uztail, abuztu eta iraileko jarduna, ohitura duten legez. Batetik, 41. Udako Ikastaroak prestatu dituzte, euskara ikasi nahi dutenentzat hamabost eguneko barnetegi-egonaldiak eskainita. Astelehenean hasi ziren klaseak. Bestetik, Lazkao osora zabaldutako kultura egitaraua ondu dute, osagarri.
Aurreneko ekitaldia gaur 22:00etan da, Lazkaoko plazan. Goierriko sei bertsolari gaztek saioa egingo dute, Ainhoa Mujika aurkezle dela. Gemma Urteaga, Eneko Araiztegi, Mikel Tapia, Aratz Igartzabal, Aitor Irastortza eta Iraitz Sarasola ariko dira.
Hilero launa ekitaldi edo ikuskizun izango dira: uztailekoak Lazkaoko plazan dira, eta abuztukoak zein irailekoak euskaltegian bertan. Uztaileko gainerako jarduerak hauek dira: Txalo taldearen 100 metro koadro antzerkia (hilaren 8an); Goierriko Erromeria Birako dantzaldia, Oin-Arinekin eta Drindotsekin (16an); eta bertsolari eta trikitilari poteoa, Endika Igartzabal, Gorka Maiz, Joseba Iztueta eta Iban Maiz gabiriarrekin (23an).
Udan ere ‘Euskara, bizi’
Maizpide barnetegiaren ernemuina edo jatorria Udako Ikastaroak izan ziren. 1974an antolatu zuten estreinakoa. Urte osora hedatu zuten geroago ikastaro-eskaintza, eta 1986an egoitza finkoa inauguratuta sendotu zen euskara irakaskuntza.
Aurtengo udako lehen ikastaroa herenegun hasi zen. Euskara, bizi izendatu dute kanpaina. Bi asteko iraupena izango dute egonaldiek. Hartara, denera sei ikastaro emango dituzte Maizpiden, irailaren bukaerara arte.
Baikor da Maizpideren zuzendari Jon Urdangarin: «Ikasle kopurua udan nahiko ona izan da, azken urteetan. Batez ere iaz. Udan jendea inguratzen da, eta deika ari da. Uztailean jende gaztexeagoa izan ohi da: adin txikikoak, norabait bidaltzen dituztenak… Abuztuan eta irailean, helduagoa etorri ohi da. Itxaropentsu gaude».