Batzordeak sortu eta presidenteak izendatu dituzte, eta erakundeetan ordezkariak zeintzuk izango diren zehaztu dute
Lazkaoko Udalak gobernu batzordea osatu du, batzorde informatiboak sortu ditu eta batzordeetako presidenteak izendatu ditu. Halaber, talde politikoen eta zinegotzien asignazioak onartu ditu, osoko bilkuren aldizkotasuna eta ordua zehaztu ditu eta udala erakundeetan nortzuk ordezkatuko duten zehaztu du.
Gobernu batzordeari dagokionez, EAJko Felix Urkola, Ane Irastortza eta Aitor Altunak eta EH Bilduko Imanol Aran eta Marian Zufiriak osatuko dute. Lehen alkateordea Irastortza izango da eta bigarrena Altuna.
Asteleheneko osoko bilkuran, alkatearen ordainsaria ere onartu zuten. Alkateak 46.828 euroko soldata gordina izango du, urtean. Talde politikoen eta zinegotzien asignazioari dagokionez, horiek ere mantendu egingo dira. EAJ eta EH Bildu ados azaldu ziren. Bestalde, osoko bilkurak hileko azken ostegunean egingo dituzte: 19:00etan. Horretan ere ados azaldu ziren.
Batzordeen gaian, ordea, ez ziren ados jarri. EAJren zazpi zinegotziek banaketa berriaren alde bozkatu zuten eta EH Bilduko seiak abstenitu egin ziren.
EH Bilduko Azeari Andonegik Berdintasuna eta Emakumea batzordearen desagertzea eta Ingurugiroa eta Landa Lurra banatzea kritikatu zuen. Gainera, EH Bilduko zinegotziak
Euskaraz bizi nahi dut kamisetekin joan ziren Udalak hori dion bandera balkoitik kendu duela salatzeko. Alkateak ingurugiroa nekazaritza baino gehiago dela (eta alderantziz) erantzun zion. Bestalde, banderak balkoitik kentzeak euskararekin inongo zerikusirik ez duela gogoratu zion.
Bukatzeko, Lazkaoko Udala erakundeetan nortzuk ordezkatuko duten zehaztu zen. EAJk proposamenaren alde bozkatu zuen eta EH Bilduk aurka.
Andonegik ordezkari guztiak kolore berekoak direla esan zuen. «Lazkaoko Udalak bi ordezkari dituen erakundeetan, alderdi bakoitzeko bat egon beharko litzateke, aniztasuna errespetatzeko». Urkolak azken lau urteetako irizpidea erabili dutela erantzun zion. «Azkeneko lau urteetan ez dugu ordezkaririk izan erakundeetan», esan zuen. «Zuek eskatzen zenuten hori egiteko aukera eduki duzue», erantzun zion alkate ohiak.
Urretxuko osoko bilkura
Urretxun gaur egingo dute osoko bilkura. 19:00etan hasiko da eta Lazkaon landu zituzten gai berak landuko dituzte.