Mundubi botata, bidegorri bat
Lazkao eta Beasain arteko bidegorriaren erdian zegoen eraikina eraitsi dute. Eskuila fabrika, tailer mekanikoa eta auto konponketa egon izan dira. Turbina bat ere bazen
Mundubi bota aurretik eta bota eta gero
Mundua ez, baina bidegorria bai: bidea bitan banatzen zuen Mundubik. Lazkaotik Beasainerako oinezkoen eta bizikletarien bidezidorraren erdi-erdian zegoen. Bai ekidistantziaz, bai literalki. Astelehenean hasi zen Lazkaoko Udala tailer zaharra eraisten, eta atzo hondakin pila bat besterik ez zen. Hondeamakina batek harriak eta hautsa kamioi batean biltzen ziharduen, 37 graduko bero galdaren pean.
Bidegorria 2011ko ekainean ireki zuten, eta orduan bota gabe gelditu zen eraikina. Azken boladan Mundubi autoen tailerra egon izan zen, eta izen horrekin ezagutu izan dute lazkaotarrek.
Lehenago, ordea, Hiribarren kalean parean dituen pabiloi modernorik ez zen garaian, industri jarduerarako erabiltzen zuten eraikina.
Eskuila fabrika
Albisu familiaren jabetzakoa zen eraikina, Lazkaon izen bereko forja ere eduki zutenena. Burdina garbitzeko eta burdin-txirbilak leuntzeko eskuilak edo zepilluak egiten zituzten. Emakume askok lan egin zuen han. Tailer mekanikoa ere eduki zuten. Sotoan, turbina hidrauliko bat ere bazeukan, errekasto baten ura argindar bihurtzeko.