Ehunmiliak probaren ibilbidea, azalean
Ehunmiliak ultratrail probak hainbat berrikuntza izaten ditu urtez urte. Aurten, atentzioa gehien eman duenetako bat, kalkamoniena izan da. Garai batean umeen artean modan egon zen azala margotzeko modu honek, ordea, baditu beste erabilpen batzuk. Izan ere, teknika honi esker, korrikalariek ibilbidearen profila besoan eraman dezakete, uneoro erraz ikusteko moduan.
Kataluniako Calasport enpresak martxan jarritako egitasmoa da. Zegama-Aizkorri mendi lasterketan ikusi ahal izan zen, eta orain, baita Ehunmiliak proban ere. Parte-hartzaile guztiei ematen diete beraien probako profila doan jartzeko aukera. Gernika pasealekuko frontoian jarri dute stand-a; hartara, korrikalariek dortsalak hartzerakoan jarri dezakete kalkamonia. Korrikalarien artean, harrera ona izaten ari da ekimena.