Legazpin eskuarekin ere gol asko sartzen dituzte
Legazpiko La Salle eskubaloi taldeak inoiz baino talde eta jokalari gehiago ditu. Irailaren 19an Eskubaloi Egunaren lehen edizioa ospatuko dute eta 2017an, berriz, taldearen 50. urteurrena.Indar gehien duen kirola futbola da, baina eskuarekin golak sar...
Legazpiko La Salle eskubaloi taldeak inoiz baino talde eta jokalari gehiago ditu. Irailaren 19an Eskubaloi Egunaren lehen edizioa ospatuko dute eta 2017an, berriz, taldearen 50. urteurrena.
Indar gehien duen kirola futbola da, baina eskuarekin golak sartzea atsegin dutenak ere ez dira gutxi. Goierriko zenbait herritan eskubaloiak tradizio eta indar handia du. Legazpin, adibidez. Bertako La Salle taldeak 50 urte beteko ditu 2017an eta sekula baino osasun hobea du: inoiz baino talde eta jokalari gehiago dituzte eta irailaren 19an Eskubaloi Egunaren lehen edizioa ospatuko dute kirol hau are eta gehiago indartzeko eta jokalari gehiago lortzeko.Legazpiko eskubaloi taldea Antiguos Alumnos La Salle elkarteko fraideek eta Buen Pastor guraso elkarteak sortu zuten, 1967 amaieran. Ordutik hona, makina bat txapelketa irabazi dituzte.
Lorpen nagusia 1982-1983 denboraldikoa da: denboraldi hartan gizonezkoen talde nagusiak 1. Mailara (egungo Ohorezko Maila B) igotzea lortu zuen. Denboraldi bakarra jokatu zuten maila horretan. Ordutik, hainbat aldiz jokatu dute igoera fasea, baina ez dute lortu maila horretara itzultzea.
Gaztetxoen taldeei dagokienez, kadete mailako mutilen eta nesken taldeek eta gazte mailako mutilen taldeak Euskal Ligan jokatzea lortu dute.
Baina azken urteotako arrakasta nagusia, zalantzarik gabe, herriko haur eta gaztetxoen artean eskubaloi zaletasuna suspertzea da. Amaitu berri den denboraldian, kimu mailakoen eskola eta bederatzi talde izan dituzte: senior mailako mutilen bi talde, gazte mailako neskak eta mutilak, kadete mailako nesken bi talde eta mutilen talde bat eta infantil mailako bi talde: neskena eta mutilena. Guztira, 130 jokalari inguru dituzte.
Taldeko beteranoetako bat Ibon Alzelai da. 30 urte baino gehiago daramatza La Sallen. Jokalaria, entrenatzailea eta zuzendaritzako kidea izan da. Oso gustura ageri da, noski. «Ez dakit zein den arrakastaren gakoa: azken urteetako arrakasta bera, ahoz ahokoa… Nork daki! Gure ustez, eskubaloia oso kirol atsegina eta erakargarria da. Oso dinamikoa da eta jokalari guztiek parte hartzen dute», aipatu du legazpiarrak.
Etorkizuna
Etorkizuna begi onez ikusten du, baina hazkundeak zailtasunak ere ekartzen dituela dio. «Handitzen goazen eran, dena zailagoa da: diru gehiago behar da, kirol aseguruak geroz eta garestiagoak dira, azterketa medikuak ere bai, kantxa ordu gehiago behar dira talde guztiek entrena dezaten, asteburuetan partida gehiago izaten dira, entrenatzaileak behar dira, zuzendaritza batzorderako kideak…», esan du.
Baina beraien burua indartsu ikusten dute eta talde gehiago nahi dituzte. 50. urteurrenerako, beraien erronka maila guztietan nesken eta mutilen taldeak edukitzea da: haur mailatik senior mailara. Beste helburua senior mailako mutilen taldea Lehen Mailara igotzea da.
Helburu hauek guztiak lortzeko, Eskubaloi Eguna antolatu dute. Irailaren 19an egingo dute. Goizean partidak egongo dira plazan edo pilotalekuan. Gainera, bazkaria egingo dute, hurrengo denboraldiko taldeak aurkeztuko dituzte eta kontzertuak egongo dira.