«Langileen aurkako jazarpena» salatu dute Estandako CCOOk eta ELAk
Zuzendaritzako hainbat kideren aurkako salaketak jarriak dituzte. Lan segurtasunean ere hutsune handiak dituztela diote. Irailetik aurrera mobilizazioak egingo dituzteBeasaingo Estanda enpresako CCOO eta ELA sindikatuetako ordezkariek prentsa agerraldi...
Zuzendaritzako hainbat kideren aurkako salaketak jarriak dituzte. Lan segurtasunean ere hutsune handiak dituztela diote. Irailetik aurrera mobilizazioak egingo dituzte
Beasaingo Estanda enpresako CCOO eta ELA sindikatuetako ordezkariek prentsa agerraldia egin zuten atzo, besteak beste, langileek bizi duten «jazarpena» salatzeko. «Lan harremanek jasan duten hondatze argiaren aurrean, enpresako sailetan eta langileengan sortu den giro txarraren ondorioz, zenbait ohar eman nahiko genituzke abisu moduan».Jakinarazi dutenez, salaketa ugari jarrita dituzte zuzendaritzako hainbat kideren aurka. «Etengabe jartzen ari gara salaketak», diote. Pertsonaleko Zuzendariaren kasuan, «ezjakina eta ezgaia kontsideratua izateagatik salaketa jarri dugu, Enpresa Komitearekin biltzeko beldurra daukalako».
Horretaz gain, Enpresako Komiteko idazkariak komiteko kideen izenean «sekretuko informazioa ezagutzera emateagatik» Pertsonaleko Zuzendariaren aurkako salaketa ere jarrita dutela jakinarazi dute.
Bestetik, prentsaurrekoan gogoratu dutenez, «sindikatu batek ekoizpen arloko arduraduna salatu zuen publikoki enpresa bat ixteagatik eta Estandaren lehiakideentzako lan egiteagatik».
CCOOk eta ELAk jakinarazi dutenez, zuzendaritzako kideak langileen aurkako «errepresaliak» hartzen ari dela salatu dute: «Zuzendaritzan nabari den ezintasun eta gaitasunik eza ikusita, bururatzen zaien gauza bakarra langileekiko errepresaliak hartzea da, erabat zentzugabeak diren zigorrak ezarriz, beldurra sartuz, Enpresako Hitzarmena eta Langileen Estatutua ez betez».
Egoera horren aurrean, «langileei, Enpresa Komitearen babesarekin, ez digute defentsa juridikoaz eta sindikalaz gain beste aukerarik uzten».
Lan segurtasunaz kezkati
Lan segurtasunaz eta osasunaz ere kezkatuta daude CCOO eta ELA. «Sail honetan egon zen aurreko arduradunaren kaleratzearen ondoren, gaiarekiko enpresak azaltzen duen kezka txikiagotzen doa. Honek enpresako komiteko kideei eta prebentzioko ordezkariei Lan Ikuskaritzan zenbait salaketa jartzera behartu gaitu, berriz ere istripu larririk gertatuko ez dela errezo egiten dugun bitartean». Duela bi urte langile bat hil zela gogoratu dute Estandako langileek. «Prebentziorako materiala falta izugarria daukagu». azpimarratu dute.
Jazarpen sindikala ere salatu dute, «sindikatu bereko zenbait delegatuei postu aldaketak inposatuz edo beste delegatu bati gezurrak esanez, isuna jarriz, beldurraren legea ezarri nahi dute enpresan, sindikalismoa desagertarazteko helburuarekin eta baita lan harremanak indibidualizatzeko helburuarekin. Jakin dezatela arlo honetan ere parean izango gaituztela».
Olaberriko lantegi berrian ere antzeko egoera bizi dutela nabarmendu dute.
Guzti honekin, langileen aurkako jazarpenak ikertzeko protokoloak martxan jarri dituztela ohartarazi dute CCOOko eta ELAko ordezkariek. «Zelatari egongo gara», diote. Irailetik aurrera mobilizazioak egingo dituztela iragarri dituzte.