Ardixarra etxean erakusketa jarri du Arantza Agirrek (Segura, 1960). Oleoz margotutako koadroak jarri ditu, batez ere, inguruko paisaienak. Irailaren 1a arte egongo da ikusgai.
Arantza Agirre, Segurako Ardixarra etxean jarritako erakusketan. / Ardixarra
Nolakoa da Ardixarran jarri duzun erakusketa?
Oleoarekin margotutako koadroak jarri ditut Ardixarran, guztira hamazazpi, nahiko handiak. Gehienbat paisaiak margotzen ditut, eta erakusketa hau Seguran jarri dudanez, inguruko paisaiak ageri ziren margoak aukeratu ditut gehienbat. Hainbat koadrotan, esaterako, Txindoki ikus daiteke. Gainontzean, basoak, baserriak, eguzkiloreak, eta, batez ere, ura. Asko gustatzen zait ura marraztea, adibidez, errekak edo urjauziak. Bestetik, Monet margolariaren margo batzuetan inspiratutako hiru bat koadro ere jarri ditut erakusketan. Monet oso maitea dut.
Paisaia horiek margotzeko bertara joaten zara?
Ez. Argazkia ateratzen diet paisaiei, eta gero argazkiari begira margotzen ditut. Batetik, eguraldia ez delako beti margotzeko aproposa izaten. Eta, bestetik, nik lasaitasuna behar dudalako margotzeko orduan. Eta denbora ere bai, denbora asko. Orduak eta orduak eman ditzaket koadro bat margotzen.
Nola definituko zenuke zure estiloa?
Esango nuke nire estiloa ez dela guztiz errealista. Inpresionismo puntu bat dute nire margolanek.
Aurretik ere egin izan dituzu erakuskteak, ezta?
Bai, ni segurarra naiz, baina aspaldian Donostian bizi naiz. Beti gustatu izan zait artearen mundua, eta margoaren bidez espresatzea. Baina esan daiteke duela hamar bat urte hasi nintzela koadroak margotzen, Donostiako Asociación Artística elkartean. Han bertan jarri izan ditut erakusketa batzuk, baita Donostiako tabernetan, Principe zinema aretoan eta Tolosan ere.
Oraingoan, ordea, Seguran jarri duzu. Zer esan nahi du horrek zuretzat?
Alde batetik erantzukizun handia sentitzen dut nire lanak herrian erakustean. Baina, bestetik, ohore bat da. Gogoa nuen egiten nuena herritarrei erakusteko, eta nolako harrera izaten zuen ikusteko.
Nolako iritziak jaso dituzu?
Erakusketa jarri nuenetik ez naiz apenas Seguran egon. Dena den, jaso ditudan iritziak onak izan dira. Asko harritu ere egin dira, ez zutelako nire alderdi hau ezagutzen. Izan ere, izatez erizaina naiz, eta herritar askok ez zekiten margotu ere egiten dudala.