Urola Garaiko industria paisaia margotan jasoa
Maria Jesus Asurmendi zumarragarraren lanak ikusgai daude Euskal Burdinaren Museoan
Euskal Burdinaren Museoa
Maria Jesus Asurmendi margolari zumarragarraren lanak ikusgai daude irailaren lehen astera arte Legazpiko Euskal Burdinaren Museoan. Urola Garaiko paisaiak erretratatu ditu Asurmendik bere lan horietan, burniaren industriarekin lotutakoak bereziki.
Dozena bat margo dira zumarragarrak Euskal Burdinaren Museoko paretatan eskegi dituenak, akrilikoak. Margolanak oso ondo egokitu dira museoan lantzen den gaiarekin, eta bertan erakusten diren elementuen osagarri dira.
Asurmendi bera izan zen museoaren ardura daraman Lenbur Fundazioarekin harremanetan jarri zena, bere margolanak erakusteko proposamena egiteko. Erakundeak baiezkoa eman zion, eta abuzturako eta irailerako antolatu zuten erakusketa. Katalogo txiki bat ere argitaratu dute.
Aste gutxi barru beste erakusketa bat jarriko du ikusgai Urretxun Asurmendik, eta beste lan batzuekin batera txertatuko ditu Euskal Burdinaren Museoan dituen margoak. ‘Begirada erromantikoa’ izenburua izango du erakusketa horrek, eta irailaren 8tik 21era arte egongo da ikusgai Juan de Lizarazu aretoan.
Aspaldian hasi zen margotzen Maria Jesus Asurmendi. Zumarragako akademian jardun zuen ikasten Felix Vaqueriza eta Begoña Idiakezekin, eta hainbat ikastaro egin ditu, besteak beste, Abdon Juaristi, Julian Ugarte, Antonio Oteiza eta Aitor Etxeberriarekin. Erakusketak ere egin ditu.