Hilaren 18rako futbol festarako izena eman daiteke
Irailaren erdi aldera haurrentzako futbolaren festa antolatzen du Beasain Futbol Taldeak, futbola herritartzeko helburuz. Futbol zelaitik herri erdiguneko Loinazko San Martin plazara eramaten dute futbola asteburu batez, etorkizuneko futbolariak eta fu...
Aurten hilaren 18tik 20ra izango da futbol festaren asteburua. Loinazko San Martin plazan jartzen dituzten bi futbol zelai txikian hiru taldekidez osatutako partidak jokatuko dituzte neska-mutilek, adinka banatuta. 2004 eta 2010 urte artean jaiotakoek har dezakete parte.
Antolaketa lana errazteko, dagoeneko eman daiteke izena. Seguros Bilbaoren bulegoan (San Inazio kalean), Xerbera tabernan (geltoki ondoan) eta Igartza Futbol Zelaiko tabernan eman daiteke izena. Parte hartzaile bakoitzak oroigarri eta kamiseta bana jasoko du. Futbol asteburu horretan, Beasain futbol taldeen aurkezpena egingo dute.
Hasteko, bi berdinketa
Futbol talde nagusiek hasi dute dagoeneko denboraldi berria. Hirugarren mailako taldeak abuztuaren 22an jokatu zuen lehenengo partida Santurtziren (Bizkaia) aurka eta 30ean, berriz, Berioren aurka, Donostian. Bi partidetan bana berdindu zuen Beasaingo taldeak. Sailkapenean 11. postuan da, bi punturekin. Denboraldiko hirugarren partida Alaves B taldearen aurka jokatuko du igandean Loinatzen, 18:00etan.
Euskal Ligako jubenilek, berriz, larunbatean hasiko dute denboraldia Igartzako zelaian, 16:00etan. Gainerako taldeek lagunarteko partidak jokatuko dituzte.
Igartza zelaiko taberna
Udan hainbat eraberritze lan egin ondoren, berriz ere martxan da Igartza futbol zelaiko taberna. Gaur, 19:00etatik 21:00etara irekiera festa egingo dute.