Elustondotarrak, Musika Parkean zikloko azken kontzertuan
Larunbatean joko dute, 19:00etan, Legazpiko Latxartegi parkean. Maiatzean Elkar diskoetxearekin kaleratu zuten diskoa aurkeztuko duteJon eta Agurtzane Elustondo trikitilari legazpiarrek emango dute aurtengo Musika Parkean egitasmoko hirugarren eta azke...
Larunbatean joko dute, 19:00etan, Legazpiko Latxartegi parkean. Maiatzean Elkar diskoetxearekin kaleratu zuten diskoa aurkeztuko dute
Jon eta Agurtzane Elustondo trikitilari legazpiarrek emango dute aurtengo Musika Parkean egitasmoko hirugarren eta azken kontzertua. Larunbatean izango da, 18:30ean, Legazpiko Latxartegi parkean. Eguraldi txarra egiten badu, Latxartegi aretoan joko dute.Elustondo anai-arrebek beraien bakarkako lehen diskoa aurkeztuko dute. Kontzertuan, diskoan parte hartu duten hainbat musikarik parte hartuko dute: Michel Longaronek (bateria), Amaiur Cajaravillek (kontrabaxua), Gurutz Bikuñak (gitarra akustikoa), Xabier Zeberiok (biolina) eta Estitxu Pinatxok (ahotsak). Elustondotarrek sorpresaren bat egongo dela ere iragarri dute.
Aspalditik zuten bakarkako disko bat grabatzeko gogoa eta Martin Aginagalde trikitilariaren eskutik lortu dute. Bere abesti batzuk grabatzea proposatu zien eta legazpiarrek baiezkoa eman zioten. Diskoa maiatzean argitaratu zuen Elkar diskoetxeak.
Diskoak hamalau kanta ditu: zortzi Aginagalderenak dira, bost herrikoiak eta azkena Kepa Junkerarena. Hitzak, berriz, Nerea Elustondok, Asier Iriondok, Xabier Amurizak, Jose Luis Padronek eta Natxo de Felipek idatzi dituzte.
Legazpik presentzia handia du diskoan: azaleko argazkia herriko sarreran atera zuten (argazkia Gorka Salmeronena da), Xabier Barriolak diskoan parte hartu du eta abesti batzuen izenburuetan Legazpiko hitzak erabili dituzte.
Elustondotarrak, oso pozik
Elustondotarrak «oso gustura» daude diskoak izan duen harrerarekin. «Uda oso ondo joan da. Urtero kontzertu asko izaten ditugu, baina aurten dei gehiago jaso ditugu diskoa dela eta», esan du Agurtzane Elustondok.
Gainera, «oso ondo» saltzen ari da. Baita Legazpin ere. Elustondotarrei ilusio handia egiten die diskoa beraien herrian aurkeztea. «Legazpin askotan jotzen dugu. Igandean, adibidez, Artzain Egunean joko dugu. Baina diskoa aurkeztea berezia da. Asko pozten gaitu gutaz gogoratu izanak», amaitu du Legazpiko trikitilariak.