Ordizian agerraldia egin dute Baserria XXI eta Etxalde elkarteetako kideek. Goierrin Zaldibiako Goizanen egiten ari dira eraldaketa gunea. Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarrera salatu dute.
Baserria XXI eta Etxalde elkarteetako hainbat kidek agerraldia egin dute Ordizian ‘Ez gelditu transformazio gune kolektiboak, ez gelditu Gipuzkoako baserriak’ lelopean.
Gipuzkoako Foru Aldundiak aurreko legealdian nekazal ekoizpenen hiru eraldaketa gune jartzeko lanak hasi zituen; tartean dago Zaldibiakoa, Goizane eraikinean dagoena (besteak Mutrikun eta Lezon). Elikadura burujabetzaren aldeko Baserria XXI eta Etxalde elkarteek gaur Ordizian salatu dutenez, “ustekabean, Foru Aldundiko gobernu berriak, azalpenik eman gabe, Lezoko transformazio gunearen proiektua bertan behera utzi du. Mutriku eta Zaldibiako proiektuak, berriz, udalen esku daude eta Mutrikuren kasuan, gobernu berriak zer egingo duen ez dakigu, baina oso kezkatuta gaude”.
Agerraldian azpimarratu nahi izan dutenez, eraldaketa zentro horiek garrantzitsuak dira baserritarrentzat: “Epe luzerako inbertsio hauek, milioi bat euro baino gutxiagoko kostea dute. Bertan baserritarrok gure produkzioa eraldatzeko aukera izango genuke”. Bi elkarteen esanetan, gune horien helburua, “etengabe desagertzen ari diren baserriei irtenbide bideragarria eskaintzea da, teknikoki eskatzen zaizkigun baldintza higieniko-sanitario desproportzionatuei kolektiboki erantzunez, norberaren ekoizpenari balio erantsia eman eta herritarrei kalitatea eskaini eta sektorearen iraunkortasuna bilatzen dira”.
Foru Aldundiko arduradunei hainbat galdera luzatu dizkie, eraldaketa gune kolektiboak ez gelditzeko eskatzearekin batera: “Azpiegitura erraldoietan milako milioi bideratzen direnean, zein da gobernu berriaren arrazoia eraldatzeko gune kolektiboen kontra jartzeko? Zein da EAJ-PSEren arrazoia eta helburua betiko baserri dibertsifikatuen kontra jotzeko? Zer arazo ikusten dute, baserritarrok gure ekoizpena transformatu eta zuzenean saltzeko aukera sustatzean? Zer sektore babestu nahi du gobernu berriak? Nekazaritza sektorea ala beste sektore eta interes batzuk? Hurrengo pausoa zein izango da? Eusko Label izenpean Euskal Herritik kanpoko txekorrak saltzea?”