Bideizu Txokoa sortu dute, 9 eta 12 urte bitarteko gaztetxoei zuzendutako kluba.
Beasaingo AisiHezi elkarteak 9 eta 12 urte bitarteko gaztetxoei zuzendutako zerbitzu berri batekin ekingo dio 2015-16 ikasturteari. Orain artean Berritsu ludotekan (Plaza Nagusiaren azpian) eskaintzen zitzaien zerbitzua adin tarte horretako neska-mutilei, eta aurten Txelotxera (Ezkiaga auzoan) ere zabalduko da, aisialdi programa berezituagoa sortzeaz batera. Bideizu Txokoa izena jarri diote, Beasaingo 9-12 urtekoen Kluba. Horrez gain, 5-8 urteko haurrentzat zerbitzua eskainiko dute bi ludoteketan, eta 12-17 urtekoentzat Eizu gaztelekuan, Urbieta eraikinean.
Aisihezi elkarteko Nerea Manzisidorrek adierazi duenez, «programazioari beste ukitu bat» eman nahi diote zerbitzu berezitu hori sortuta. «Lagun berriak egiteko espazio bat izango da, eta programazio aldetik erakargarriagoa». Horrez gain, Manzisidorrek aurreratu du «ekintza bateratuak» egingo direla Bideizu Txokoaren eta bi ludoteken artean, baita Eizu gaztelekuarekin batera ere. Urriari begirako programa kaleratu dute jada.
Txokoa ezagutzeko aukera
Atzo egin zuten txokoa ezagutzeko ate irekien lehen saioa, eta gaur arratsaldean bigarrena: Txelotxen 18:00etatik 19:30era eta Berritsun 18:30etik 20:00etara. Izena emateko epea, berriz, bihar asteazkena irekiko da, eta urriaren 15era arte egongo da zabalik. Zerbitzua ematen datorren astelehenean hasiko da, hilaren 21ean. 2003 eta 2006 urteen artean jaiotakoak onartuko dira, eta izen-emate ordena jarraituko da. Beasainen erroldatutakoek izango dute lehentasuna. Ludoteka bakoitzeko klubak 20 kide izango ditu gehienez, eta gutxienez 8. Beranduenez azaroaren 30ean jakinaraziko da taldea sortuko den ala ez, eta sortuko ez balitz, dirua itzuliko da.
Berritsu eta Txelotxe udal ludoteketan bihartik hilaren 25era egin ahal izango da matrikula. 5 eta 8 urte bitarteko haurrei eskaintza zaie zerbitzua astelehenetik ostiralera. Gaur bi ludotekak ezagutzeko aukera izango da, 16:30etik 18:00etara Txelotxen eta 17:00etatik 18:30era Berritsun. Ikasturtea hilaren 26an hasiko da. Eizu gaztelekuan (12-17 urte) ostegunean hasiko da ikasturtea, eta hilaren 26an egingo dute irekiera jaia.
Aisialdi arloan proiektu hezitzaile ezberdinak sortu eta garatzea da AisiHezi elkartearen helburua, jolasaren eta aisiaren bidez euskararen erabilpena sustatu eta bermatuz, eta berdintasunerako bideak irekiz.