Amateurretatik profesionaletara jauzi egingo du Pello Olaberriak (Mutiloa, 1994), Murias taldeak fitxatu baitu. Ziklo-krosean prestatuko da neguan, ilbeltzean Mallorkan hasteko.Profesionaletarako jauzia egingo duzu 2016an. Zer sentimendu daukazu orain ...
Amateurretatik profesionaletara jauzi egingo du Pello Olaberriak (Mutiloa, 1994), Murias taldeak fitxatu baitu. Ziklo-krosean prestatuko da neguan, ilbeltzean Mallorkan hasteko.
Profesionaletarako jauzia egingo duzu 2016an. Zer sentimendu daukazu orain barruan?
Poz handia. Hamahiru urte egin ditut bizikleta gainean, eta 13.ean pauso hau ematea lortu dut. Ez nuen inondik inora espero, sorpresa bat izan da. Orain pozik nago, pauso handi bat dela badakidalako. Lanak ondo egin, osasuna eskatu eta ea zer etortzen den.
Ez zenuen espero aukera hau? Noiz jaso zenuen Jon Odriozola zuzendariaren deia?
Ez nuen inondik espero. Aurreko astean, asteartean [azaroak 3] jaso nuen Jon Odriozolaren deia. Esan zidan 23 urtez azpiko bat behar zutela, eta ustez ni nintzela pauso hori eman beharra zeukana. Ni, gainera, bi aste lehenago sinatuta nengoen orain arteko ekipoarekin, Contadorren taldearekin. Zalantza horrekin geratu nintzen, ea nola hartuko zidan taldeak.
Zer moduz hartu dute berri hori Contador Team Fundazioan?
Segituan hots egin nien, eta oso-oso ondo hartu zuten, izugarrizko pozarekin. Azkenean, horien lana hori da: afizionatuetako talde batean txirrindulariak sortu eta profesionaletara pausoa eman. Horixe lortu dut, eta oso pozik.
Ametsa bete duzu?
Bai. Hamahiru urteko ametsa. Oraindik hogeita bat urte dauzkat, baina bizikleta gainean 13 daramatzat. Amets bat lortu dugu. Hurrengo ametsa, txirrindularitza profesionalean urte askoan irautea izango da.
Euskadi Basque Country Murias taldean lau goierritar zaudete orain. Horrek ere izango du bere balioa, ezta?
Bai. Alex Aranbururekin kadeteetatik ekipoetan egon naiz; urtebete batera egotea tokatzen zitzaigun, beste urte bat ez; horrela ibili gara beti. Jon Ander Intsausti anaia bat bezala daukat. Biok batera ibiltzen gara beti, txiki-txikitatik. Hori babes bat da, azkenean. Eta Garikoitz Bravo bezalako bat taldean izatea, jada sei urte daramatzana profesionaletan, laguntza bezala ondo etorriko da. Oso motibatuta nago.
Taldearen aurkezpena egin duzue. Prestakuntza-lanik jarri dizuete, edo noiz hasiko zareten aurreratu?
Diman eduki dugu lehenengo bilera, gaur [larunbata]. Neurriak hartzen aritu gara, arropak, kaskoak, oinetakoak… egiteko. Nik, seguru asko, ziklo-krosa egingo dut aurtengo neguan. Hemengo probak korritu nahi ditut: Beasainen, Legazpin eta Ormaiztegin. Taldeak ez dit inongo eragozpenik jarri, eta hor hasi nahi nuke prestaketa. Gero, errepideko denboraldia Mallorkan hasiko genuke, urtarrilaren bukeran.
Taldeak eskatua zuen Continental Profesional mailan aritzeko lizentzia, baina ez diote eman. Continental maila egokia da aurrerapena egiteko?
Nik uste dut baietz. Gure mailarako Continental kategoria nahikoa da. Oraindik egiten ari garen ziklistak gara. Continental Profesional maila jada jauzi handia izango litzateke: fitxaketa gehiago egin beharko lirateke, gu ere ohituago egon… Nik uste dut oso ondo etorriko zaiola taldeari bigarren urte hau ere Continentalean lehiatzea.
Zenbaterako sinatu duzu?
Continentalean urtebeterako sinatzen da.
Datorren urtea, beraz, giltzarria izango da. Zer egin nahiko zenuke profesionaletako lehenengo urtean?
Taldeari lagundu. Urtea gustura bukatu, eta eurek ere gustura buka dezatela nirekin. Eta beste urtebete berritu. Hazten joan nahi dut, pixkanaka, eta urteak pasatu ahala hor barruan segitzen dugula ikusi.