Larraondoko zerrategia
Zerainek badu askok ezagutzen ez duten altxor bat: Larraondoko zerrategia. XIX. mendean egurrez egindako eraikina da, uraren indarra erabiliz funtzionatzen duena. Bertara egindako bisita batean jasotako irudiekin, ikus-entzunezkoa osatu du Antton Iztueta, Altzon bizi den ikaztegietarrak. Bertan, zerrategiaren funtzionamendua azaltzen du, argazki, bideo irudi eta grafikoen bidez.
Zerrategia 1890. urte inguruan eraiki zuten Larraondo baserriko Higinio eta Santiago Alustiza anaiek. Izan ere, baserriko lanaren osagarri moduan erabiltzen zuten. Lasurtegi errekatxoko ura baliatzen zuten, eta negu-udaberri garaian, urak emari gehien zuenean erabiltzen zuten batez ere. 1960. urteaz geroztik utzita egon zen zerrategia, baina egun, errota martxan ikusteko aukera dago, eta bisitak ere antolatzen dituzte asteburu eta jaiegunetan.