Peio Galvezi elkartasuna adierazteko ekitaldia egingo dute bihar
Abenduaren 3an, 04/07 sumarioko auziperatuen aurkako epaiketa hasiko dute Madrilen —Segurako operazioa bezala ezagunagoa—. Zumarragako Peio Galvez da epaituko dutenetako bat, beste lau goierritarrekin batera. Galvezi elkartasuna adierazteko...
Bihar, 12:00etatik aurrera, pintxoak, musika eta parodia izango dira Areizaga-Kalebarren plazan. «Audientzia Nazionalera joan behar izatea zozketa baten antzekoa dela adierazteko, loteria paperak banatuko ditugu jendearen artean», azaldu du Aitor Garmendiak, Urretxu Zumarragako Libre taldeko kideak.
Galvez ekitaldian izango da, eta hitza hartuko du. Amaieran, elkartasun argazkia aterako dute bertaratutako guztiekin, 13:30ean. Txapak eta zapiak ere salduko dituzte.
Bi elkarretaratze
Datorren ostegunerako, epaiketa hastekoa den egunerako, bi elkarretaratze deitu dituzte: 12:00etan eta 19:00etan. Areizaga Kalebarrenen izango dira bi elkarretaratzeak. Bertan, babesa emango diete Galvezi eta epaituak izango diren gainontzekoei. Epaiketa politiko gehiago ez egiteko ere eskatuko dute. Guztira 35 euskal herritarrek deklaratu beharko dute 04/08 sumarioko epaiketan. Eusebio Lasa, Asier Imaz, Egoitz Apaolaza eta Karmele Aierbe dira beste lau goierritarrak.