Galdeketa ekainaren 19an egingo dute Goierriko 22 herrietan

Gure Esku Dagok gaur jakinarazi du erabakitze eskubidearen aldeko 2016ko ekimenen berri, Lazkaoko Areria antzokia beteta zela. Herri galdeketa ekainaren 19an izango da Goierriko herri guztietan, igandearekin. Galdera zein izango den ez dute aurreratu, ez dagoelako oraindik zehaztuta ere. Aurrerantzean, prozesu batean eta lantaldeetan oinarrituta landuko dute herri kontsulta.

Hiru urrats edo fase bereizi dituzte. Aurkezpena Goierriko herritarrei gaur egin ondoren, herri bakoitzean sinadura bilketa hasiko da, biztanleriaren arabera “gutxiengo” kopuru baten atxikimendua behar delako. Herrietan ekimena aurkeztu, lantaldeak osatu, eta hainbat ekintza egiteko aukera izango da.

Galdeketaren eguna adierazten duen oharra, Areriako pantailan, gaur./Aimar Maiz

Galdeketaren eguna adierazten duen oharra, Areriako pantailan, gaur./Aimar Maiz

Bigarren fase batean, otsailetik apirilera, eskualde mailako komisioak aurkeztuko dituzte. Herrietako galderen bilketa egingo dute, eta Galdera Komisioak apirilaren erdialderako zehaztuko du kontsultatzeko itauna. “Noiz, non eta nola” ere finkatuko dute.

Ondoren, eta apiriletik ekainera bitartean, galdeketari begira jarriko da prozesua. Apirilaren 16an eta 18an erabakitzeko eskubidea Aramako eta Itsasondoko udalek aldarrikatu zuteneko 85. urteurrena ospatuko dute. Hain justu, berriki aurkitu da Aramako Udalak ere adierazpen hori onartu zuela, 1931ko apirilaren 16an, Itsasondoko Udalak onartu baino bi egun lehenago.

Ekainaren 12an Adierazpen Eguna ospatuko da, herrietan. Azkenik, 2016ko ekainaren 19an hautesontzietara deituko dituzte Goierriko 22 herrietako bizilagunak.

Zelai Nikolas, galdeketaren protokoloa eta dinamika azaltzen. Larraitz Zubeldiak eta Anjel Oiarbidek ere hitz egin dute./Aimar Maiz

Zelai Nikolas, galdeketaren protokoloa eta dinamika azaltzen. Larraitz Zubeldiak eta Anjel Oiarbidek ere hitz egin dute./Aimar Maiz

Galdeketarako protokolo bat osatuko dute, baldintza demokratikoak beteko direla ziurtatzeko eta “gauzak ondo” egingo direla bermatzeko. Galdeketaren emaitza “gardentasunez eta objektibotasunez” kudeatuko dela aurreratu du Gure Esku Dago.

Herrietako GED lantaldeak izango dira, batetik, eragileak, galdeketa bideratzeko prozesuan. Baina, bestetik, veste zortzi batzorde edo komisio eratuko dira, parte-hartze zuzenez edonork izena emanda: Komunikazioa, Diruzaintza, Galdera Taldea, Ekintzak, Harremanak, Herrien Koordinazioa, Datu Baseen Bermea eta Galdeketa Eguna. Izena eta ekarpen ekonomikoa emateko esku-orriak banatzen hasi dira, gaur.

 

Gure Esku Dagok egin duen aurkezpenera ehunka lagun bildu dira, Lazkaon./Aimar Maiz

 

 

Gure Esku Dagok egin duen aurkezpenera ehunka lagun bildu dira, Lazkaon./Aimar Maiz

 

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend