Espainiar estatua «eskubideak zapaltzen dituen kartzela» dela salatu eta «euskal bidea» aldarrikatu dute. Autobusak jarri dituzte hilaren 6ko manifestaziora joatekoAbenduaren 6an kalera atera eta Espainiako Konstituzioari ezezkoa esateko deia egin ...
Espainiar estatua «eskubideak zapaltzen dituen kartzela» dela salatu eta «euskal bidea» aldarrikatu dute. Autobusak jarri dituzte hilaren 6ko manifestaziora joateko
Abenduaren 6an kalera atera eta Espainiako Konstituzioari ezezkoa esateko deia egin du Goierriko EH Bilduk. Espainiar estatua «herrien eta gizon nahiz emakumeen eskubideak eta borondatea zapaltzen dituen kartzela» dela azaldu dute. Hori dela eta, kateak puskatu eta
Bildu independentziara lemapean Bilbon egingo den manifestaziora joateko deia egin dute.
Goierriko EH Bilduren ustez, «inposizioa, ukazioa eta mehatxua» dira Espainiar estatuaren eskaintza bakarrak, eta Katalunia jarri dute adibide moduan. Horregatik, «kataluniarrak beraien bide propioa egiten ari diren bezala, Espainiatik datorkigun inposizioaren benetako erantzuna eta eskaintza Euskal Herrian» dagoela uste dute. Zentzu horretan, «euskal bidea» egin behar dela diote; «horretarako indarrak bildu behar ditugu eta gehiago biltzen jarraitu, kate horiek gainetik kendu eta herri libre bat eraikitzeko bidean».
Hori guztia dela eta, abenduaren 6an «kalera» ateratzeko deia egin dute, «ez soilik herrien espetxea den konstituzio horri ezetz esatera, askatasuna eta burujabetza aldarrikatzera baizik». Hala, «independentziara eta Euskal Errepublikara eramango gaituen bide horri» ekin behar zaiola azaldu dute.
Bide horretan, abenduaren 20an egingo diren Espainiako Gorteetarako hauteskundeak «aukera paregabea» direla uste dute, «independentziaren bidean indarrak biltzen jarraitzeko». Eta bide hori herriz herri eta eskualdez eskualde egin nahi dute. Goierriren adibidea jarri dute horretarako. Izan ere, «gure herrietatik prozesu independentista azkartuz, ahalik eta euskal herritar gehienen borondate eta konpromisoa bilduz, gaurtik independentziaren aldeko herri erakustaldia» irudikatzeko aukera dagoela uste dute.
Autobusak herrietan
Abenduaren 6an Bilbon egingo duten nazio mailako manifestaziora joateko, autobusak antolatu dituzte Goierriko hainbat herritan. Atzoko agerraldian jakinarazi zutenez, 12 herritan jarri dituzte autobusetan izena emateko zerrendak. Honako tokietan daude: Olaso (Legorreta), Kaxintane (Itsasondo), Herrikoa eta Alkartetxea (Ordizia), Basakana eta Antzizar (Beasain), Oker eta Antsoategi (Lazkao), Troskaeta eta Sutegi (Ataun), Izpar eta Xume (Idiazabal), Elorri (Segura), Itzala (Zegama), Motz eta Osaba (Urretxu), Amalur eta LABen egoitza (Zumarraga) eta Karibe zaharra, Kukue, Lekanazpi eta Oilarra (Legazpi).