Bukatu dira 'sanandresak'
Ander Deuna zaindariaren egunarekin eman diete amaiera Ormaiztegin duela bi aste hasitako festei. Larunbatean mozorro eguna izan zuten, eta igandean, berriz, odolkia eta helduen danborrada.Ormaiztegin amaitu dituzte aurtengo sanandresak. Atzo ospatu zu...
Ander Deuna zaindariaren egunarekin eman diete amaiera Ormaiztegin duela bi aste hasitako festei. Larunbatean mozorro eguna izan zuten, eta igandean, berriz, odolkia eta helduen danborrada.
Ormaiztegin amaitu dituzte aurtengo sanandresak. Atzo ospatu zuten Ander Deuna zaindariaren eguna, eta horrekin bi asteko festari puntua jarri zioten. Goizetik hasi zen festa Ormaiztegin, Txindata musika eskolako txistulariekin. Goizeko 11:30etan, Urmaiz abesbatzak abestu zuen meza nagusia, Ander Deunaren omenez. Bestalde, egun osoan zehar haurrentzako parkea jarri zuten Zubipe kiroldegian.Herri kirolen erakustaldia
Hamabietan eskaini zuen udalak hamaiketakoa, Barduliarrak elkartearen laguntzarekin, herriko enparantzan. 13:00etan, berriz, herri kirol jaialdia hasi zuten. Bertan izan ziren harri-jasotzaileak eta aizkolariak. Ekitaldiari hasiera Irati Astondoak eta Alatzne Etxaburuak eman zioten enbor mozketarekin. Ondoren, Aiako Imanol Ilarramendi eta Orioko Idoia Etxeberria ibili ziren harriak jasotzen, eta Iñaki Azurmendi eta Xabier Orbegozo Arria V.a, berriz, aizkoran. Banaka aritu ziren guztiak lehenik, eta gero, taldeka lehiatu ziren.
Arratsaldean ‘Cirqueamos’ taldekoen eskutik zirkua ekarri zuten Zumalakarregi kaleko karpara. Baloiaren gainean ibili, akrobaziak egiten saiatu eta beste hainbat ekintzetan trebatu ziren haurrak. Iluntzean Arantza eta Pantxo hirukotearen eskutik, besteak beste, rantxerak, tangoak, eta euskal musika.
Odolki eguna
Igandean odolkia izan zen protagonista nagusietako bat, eta harekin lotutako hiru lehiaketa egin zituzten. Lehena, XIX. odolki lehiaketa; bigarrena, XVIII. odolki osagaien lehiaketa eta azkenik, XIV. sukaldaritza lehiaketa. Azken honetan osagaitzat Ormaiztegiko odolkia duten platerak aurkeztu behar ziren. Odolki lehiaketa Jesus Mari Garmendia ormaiztegiarrak irabazi zuen. Txerri onenaren saria bi baserriren artean banatu zen: Urkulegi (Itsaso) eta Lesmes (Berrobi). Tipula, perrexil eta oregano hoberenak mutiloako Juanita Murgiondorenak izan ziren, eta Itsasoko Maria Jesus Oriak irabazi zituen porru eta postu dotoreenaren sariak. Odolkia osagaitzat zuten plateretan, Luis Juan Unanuarena izan zen gehien gustatu zena, eta aurkezpen hoberena Edurne Mendizabalen platerak izan zuen. Lehiaketaren ostean, dastaketa antolatu zuten Baso- Txulo elkartearen laguntzarekin. Asko izan ziren odolkia dastatzera hurbildu zirenak.
Arratsaldean pilota eskolako partidak izan ziren, eta iluntzean giroa alaitzen aritu ziren Bentazaharreko Mutiko Alaiak. 19:30etan hasita Kantujira egin zuten herrian zehar. Ondoren, herriko danborradako afaria egin zuten, Zubipen. Indarrak hartu, eta 23:00etan danborrak astintzen hasi ziren helduen danborradan atera zirenak.
Mozorro lehiaketa
Ormaiztegi mozorroz bete zen larunbatean. Kaleetan barrena herritarrak mozorrotuta ikusteko aukera izan zen, mozorro eguna baitzen. Egunean zehar girorik onena jartzen zuen taldeentzako sariak izan ziren. 12-16 urte bitartekoetan kasinoz jantzitakoek irabazi zuten, eta 150 euro jaso zituzten. 16 urtetik aurrerakoetan, berriz, Aita Santuaz jantzitako taldeak irabazi zuen 250 euroko saria.