Idiazabal gaztaren hainbat ekoizle Idiazabalgo Gaztaren interpretazio zentroan
Duela hamar urte gaurko egun batez sortu zen Idiazabalgo Gaztaren interpretazio zentroa, eta urteurreneko ekitaldia egin dute. Bertan izan dira Idiazabal Gazta egiten duten ekoizle ugari, Goitur Goierri Turismo Agentziako Niko Osinalde, Idiazabal Turismoko ordezkari Leire Arandia eta Idiazabalgo alkate Ioritz Imaz.
Helburu nagusiak Idiazabal herria eta Idiazabal Gazta ezagutzera eramatea, eta Idiazabal Gaztaren erreferentziazko zentroa bilakatzea izan dira. Hamar urteotan, guztira,
30.000 bisitaritik gora izan ditu interpretazio zentroak, eta 2015. urtean
bisitarien kopurua %20 igo da. «Museotik abiatuta indarra eman zaio gaztari», azaldu du Niko Osinaldek. Bere ustez, ikusgarritasuna lortzeak garrantzia handia du.
D´Elikatuz zentroko Leire Arandia, Idiazabalgo alkate Ioritz Imaz eta hizketan Goitur Goierri Turismoko Niko Osinalde
Urteurreneko ekitaldiak
Otsailean hasi eta urtean zehar zazpi gazta dastaketa egingo dituzte Gazta-izal-e (gazta zale) izenpean. Aste Santuan, berriz, hiru ekitaldi antolatu dituzte: GR283 Idiazabal Gaztaren ibilbidea osatuko dute, J.Aranburu gaztandegikoek gazta artisau moduan nola egiten den azalduko dute, eta Bilboko Basque Fest 2016 ekitaldian Idiazabal Lurraldeak gune berezia izango du. Gaztaren egunean, maiatzaren batean, Europako Gaztaren ibilbideko gune bat jarriko dute, eta bezperan gazta horien dastaketa izango da. Gaztaren egunaren aurreko ostegunean, apirilaren 28an, herriko gaztak izango dira protagonista pintxo-pote berezi batean.
Gema Arrugaeta argazkilari ordiziarraren lan berria
Artzaintza iruditan
Hamar urte hauetako ibilbidearen lehenengo ekitaldia Gema Arrugaeta argazkilari ordiziarraren liburuaren aurkezpena izan zen. Artzaintzaren inguruko argazkiak bildu ditu Arrugaetak: «Euskal Herriko zazpi probintzietako artzaintza jasota egoteko egin dut lan hau», azaldu du. Irudiaren gizartean argazkiak zaindu egin behar direla uste du argazkilariak, eta bere lanean ildo hori jarraitu du: «Duintasunez artzaintzaren benetako errealitatea erakutsi dut», esan du. Bestalde, Gema Arrugaetak eta On produkzioetako Iban Toledok ikus-entzunezko bat egin dute artzaintzaren mundua gerturatzeko asmoz.