Hogeita hamar minuturekin nahikoa izan zuen Jokin Muñoz (Ordizia, 1982) bere pasioa itsasoa zela jakiteko. Hiru urtean itsasoan gidatzeko titulu guztiak atera zituen, eta 25 egunean Ozeano Atlantikoa belaontzian gurutzatu du.
Ordiziatik Atlantikoa gurutzatzera. Nolatan hasi zinen itsasoan ibiltzen?
Lagun batek esanda hasi nintzen. Hark txalupa txiki bat dauka, eta gonbidatu egin ninduen arrantza egitera. Behin txalupan sartu eta hogeita hamar minutura esan nion hori zela egin nahi nuena. Buruan sartu zitzaidan, eta hala esaten dute, itsasoaren pozoia sartzen bazaizu oso zaila dela hori kentzea. Horrela, lagunaren txalupan ibiltzen nintzen noizbehinka, beti distantzia laburrak izaten ziren, hori bai. Lagunak aipatu zidan zergatik ez nuen itsasoko gidabaimena ateratzen. Segituan ez nuen atera, baina geroago, Donostiako Floren Probanza itsas-eskolan izena eman nuen.
Ba al daukazu txaluparik?
Bai, aurreneko gidabaimena ateratzen ari nintzela ezagutu nuen egun nire txalupakidea. Behin esan nuen egunen batean loteria tokatzen balitzait txalupa bat erosiko nuela. Lagunak behin deitu, eta proposatu zidan erdibana erostea txalupa, eta hala eman genuen saltoa. Txalupa 8,60 metrokoa da, motorduna. Ondoren tituluak atera nituen, eta ontziko kapitaina izatekoa atera nuenean, nire buruari sari moduko bat egitea pentsatu nuen. Ideia forma hartzen hasi zen, eta Atlantikoa gurutzatu behar nuela erabaki nuen.
Zergatik Ozeano Atlantikoa?
Itsasoan ibiltzen garenontzako Ozeano Atlantikoa gurutzatzea mendizale batentzat lehenengo zortzimilako gailurra egitea bezala da.
Ideiatik, errealitatera.
Egun batean nire maisuari esan nion zein proiektu neukan buruan, eta liburu, apunte, kontaktu bat, edo zerbait bazuen, emateko. Hark komentatu zidan ezagutzen zuela gizon bat Karibera zihoana bizitzera, eta saiatzeko esan zidan. Deitu, bi bilera egin eta martxan jarri genuen dena. Datarena argi geneukan, Atlantikoa gurutzatzeko haize alisioak, iraunkorrak, behar dira eta.
Baina zu motordun txalupetan ibilia zara, ez belaontzian, ezta?
Ordura arte ez. Hori zen arazoa. Motorrean ibiltzen nintzen beti. Belaontziaren jabearekin joan nintzen entrenatzera, apiriletik urrira bitartean. Zortzi-hamar irteera egin genituen, baina guztiak hemen inguruan izan ziren.
Nondik abiatu zineten Karibera?
Barkua Zumaiatik Kanarietara eraman behar zen, eta jabeak beste gizon batekin batera eraman zuen. Lehenengo ibilbidea Santander arte izan zen, eta zati hori beraiekin egin nuen. Ondoren, autobusa hartu eta Ordiziara bueltatu nintzen. Kanariar irletara azaroaren 3an joan nintzen, eta zortzi-bederatzian hasi genuen abentura hau.
Zenbatek egin duzue bidaia?
Bidaia osoa lau pertsonak egin dugu. Hasieran bost pertsona abiatu ginen, baina Cabo Verden bat jaitsi egin zen.
Cabo Verdera joatea ez zen zuen asmoa. Zergatik aldatu zenuten ibilbidea?
Abiatu eta laugarren egunean nahiko arazo larria izan genuen belaontzian. Lema automatikoa hondatu egin zen, eta mekaniko bat behar genuen hori konpontzeko. Lema automatikoarekin botoi bidez norabidea zehazten duzu, eta bai, norbait kontrolatzen egon behar da haizea nondik datorren, eguraldia eta horrelakoak, baina, tira, esan liteke barkua
bakarrik doala. Hori gabe hogeita lau orduan lemari heltzen joan behar da norbait. Funtzionatzeari utzi zion, eta beldurra nagusitu zen ontzian.
Ezin zenuten atzera bueltatu, konpondu, eta berriz ere martxan jarri Karibera bidean?
Ez. Haize alisioak kontra izango genituen, eta oso zaila izango zen bueltatzea. Beste bi aukera geneuzkan.
Lehenengo aukera Afrikara joatea zen ez zitzaien oso urrun geratzen, bi egunera, baina pirateria dela eta baztertu egin genuen. Bigarrena Cabo Verderaino jaistea zen, eta hara lau bat eguneko bidaia geneukan, eta harantz abiatu ginen. Beraz, Kanariar Uharteetatik abiatu eta bederatzi egunean iritsi ginen Cabo Verdera. Hor bosteko ekipoa laura jaitsi zen.
Nola ohartu zineten lema automatikoa hondatu zela?
Gaueko zaintzan geunden barkuko nagusia eta ni. Eta bat-batean argi gorria piztu zen, filmeetan bezala. Iluntasuna zen nagusi eta gure parean argi gorria zegoen adieraziz akatsa zegoela lema automatikoan. Jabeak esan zidan bera geldituko zela lemari eusten, eta ni joateko zer gertatzen zen ikustera, ea zein zen arazo mekanikoa.
Arazoa zein izan zitekeen ikusteko itsasontziaren azpialdeko aldera joan behar izan nuen, eta tunel moduko batetik pasa behar zara lau hankatan ontziaren
tripak ikusteko. Hori guztia lau metroko olatuekin.
Tentsio handiko uneak izango ziren,ezta?
Dudarik gabe. Pentsa, lau metroko olatuak zeuden, eta arazo larria geneukan. Han nengoen ni, itsasontzi barruan buruan linterna jarrita, olatuen indarraren ondorioz alde batera eta bestera mugituz. Hor pentsatu nuen: ontzia urperatzen bada ni behintzat ez naiz bizirik aterako.
Bertan hiltzeko beldurra izan duzu?
Bai, momentu batean bai. Hiltzeko edo norbaitek erreskatatzeko prestatu naizen lehenengoa aldia izan da nire bizitzan. Hala prestatu ginen guztiok: txalekoak jantzi, eta irratia prestatu genuen. Izugarria izan zen.
Eta jakin al zenuen zein zen arazoa?
Bai, baina ez zen erraza izan. Bat-batean, torloju bat aurkitu nuen eta ikusi genuen pilotu automatikoaren mekanismo elektronikoaren eta lemaren arteko konexioa hondatu zela. Ez zegoen irtenbiderik, mekanikoa behar genuen.
Orduan Cabo Verdera joateko erabakia hartu zenuten. Nolakoa izan zen hara iristeko bidaia?
Olatuen indarra izugarrizkoa izan zen, eta lemari eusten tentsio handia pasatzen duzu. Horrela pasa genituen bost egun. Gau txarraren ondorengo goizean gogoratzen naiz lagun bat eta biok negar batean egon ginela. Badago momentu bat pentsatzen duzuna jarraitu edo ez. Egun batean garbi neukan ezetz, eta hurrengoan baietz. Azkenean familia bat bezala ginen, eta jarraitzea eta aurrera egitea erabaki genuen.
Tentsioa pasata, barealdia etorri al zen?
Bai, dena konpondu genuen Cabo Verden eta Kariberako bidea hartu genuen. Ondoren, bidaia izugarria izan da. Bidaia honetan gauza onak zoragarriak izan dira, eta txarrak, berriz, oso txarrak.
Egunsentiak, animaliak…Filmetan bezalakoa izan da?
Bai, dudarik gabe. Arratsaldeko seietan, eguzkia sartzen, eta ehun eta gehiago izurde ikusi genituen. Momentu politak pila bat izan dira. Zerua ere globo baten moduan ikusten duzu, izar batzuk gertuago, besteak urrunago… Asko disfrutatu dut. Hori bai, orain bi urtean ez dut horrelako bidaia luzerik egingo, deskonektatu egin nahi dut pixka bat.
Egun askoren ondoren lurra ikusteak zer eragin zizun?
Ezin daiteke deskribatu. Emozio izugarria, eta poza. Batez ere, poztasuna. Lortu genuen Itsaso Atlantikoa belaontzian gurutzatzea.
Hankak lurrean, eta burua?
Ozeano Pazifikoa gurutzatzea dut buruan, baina oraindik ideia bakarrik da. Hori omen da
Itsaso Handia.
Zer eman duzu faltan?
Batez ere isiltasuna, eta geldirik egotea. Olatuen hotsak entzuten pasa ditugu 25 egun oso, eta belaontzia beti zegoen alde batera eta bestera mugitzen olatuen ondorioz, eta momentu horretan ikasi nuen itsas munduan asko erabiltzen den esaldi bat: ‘Esku bat zuretzat, eta bestea barkuarentzat’.