Haizetearen ondoren, hotza eta euria
Haizeak gogor jo du gaur Euskal Herrian, eta kostaldean irudi ikusgarriak utzi ditu. Baina Goierrin ere nabaritu da haizeteen indarra. Ordiziako metereologia gunean, orduko 114 kilometroko haize boladak neurtu dituzte 10:30ak aldera. Zegaman berriz, 109koa izan da hartu duten maximoa, 07:30ean. Kalteren bat edo beste ere eragin du haizeak; Ataunen esaterako, hainbat auzune argindarrik gabe egon dira goizean, zuhaitz bat kableen gainera erori eta gero. Zumarragan berriz, haizeteak ospitaleko sarrerako sabaia altxatu du.
Arratsaldean zehar haize boladak baretzen joango dira, baina euri giroa nagusituko da, eta tenperaturek behera egingo dute. Bihar ere, hotz esnatuko da eguna, eta zeruak estalita izango dira egunean zehar; euri zaparradak ere bota ditzake, batez ere goizean. Tenperaturek nabarmen egingo dute behera, eta maximak 7-8 gradu inguruan ibiliko dira. Elur kota berriz, 1200 metro inguruan kokatuko da.