Partaidetza enpresaren ardatz estrategiko moduan planteatzen du Elorzak. Goierriko lau enpresa adibide gisa erabili ditu liburuan: Ampo-Poyam, CAF, Irizar eta Orkli
«Bizi osoko esperientziaren ondorioa da liburu hau» esanez hasi du Jose Luis Elorzak (Goierri, 1957) argitaratu berri duen liburuaren aurkezpena. Enpresa munduan esperientzia handia du, hainbatetan ibili da lanean. Bertako esperientziak bildu ditu liburuan, eta egindako tesia oinarri harturik,
La empresa participativa integral (Enpresa parte-hartzaile integrala) liburua argitaratu du. Baina zer da enpresa parte-hartzaile integrala? Elorzaren hitzetan, eta izenburuak dioen bezala, «partaidetza enpresaren ardatz estrategikoa izatea da», esan du. Hots, langileek protagonismo handiagoa izatea enpresan, eta haren parte izatea.
Goierriko lau enpresa hartu ditu adibide moduan. Ampo-Poyam, CAF, Irizar eta Orkli enpresen ibilbidea eta egitura azaltzen ditu liburuan. «Krisi garaian emaitza onak lortu dituzte laurek», azaldu du Elorzak. Hiru kooperatibak dira nahiz eta bakoitzak bere xehetasun eta desberdintasunak dituen, beraz, langileak dira enpresaren jabeak. Irabaziak badaude, banatu egiten dira langileen artean. Galerak badaude, bestalde, langileak egingo dira horren kargu. CAF enpresaren kasuan, Sozietate Anonimoa da juridikoki, eta enpresaren akzioen %30a langileen esku dago. Modu batera edo bestera, lau kasuetan langileak dira enpresaren jabeak.
Langileak eta enpresariak
Elorzak proposatzen duen eredu berri honek hiru ardatz nagusi ditu: jabetza, emaitzak eta kudeaketa. Hiru osagai horiekin enpresa bakoitzak bere eredua sortu behar duela uste du, ematen dituen aukerak bakoitzak bere enpresako ezaugarrietara moldatuz. «Enpresa bakoitzak bere izaera, bere langileak ditu, eta bakoitzak haren formula bilatu behar du».
Langileen eta enpresarien arteko erlazioak «malgua» izan behar duela esan du, ezin dela «zurruna» izan. Langilea enpresaren zati sentitzen denean, parte dela ikusten duenean, duenetik askoz gehiago ematen duela uste du. Hala ere, argi utzi du partaidetzak ez duela esan nahi egunero egin behar direnik bilerak. «Ez da ahaztu behar enpresaz ari garela hizketan, ez da gobernuz kanpoko erakunde bat, eta enpresa merkatuaren arabera mugitzen da», azaldu du. Liburuan aipatzen dituen enpresa guztiek nazioartean lan egiten dute, eta denek dituzte planta desberdinak hainbat herrialdetan. «Egun, suizidioa da enpresa batentzat nazioartean presentzia ez izatea».
«Erreferentzia falta zaigu: altxor bat
daukagu eta ez gara kontzientzeak»
«Egun, suizidioa da enpresa batentzat
nazioartean presentzia ez izatea»
Lau enpresa horien esperientzia bilduta ondorio batera iritsi da idazlea: «Altxor bat daukagu eta ez gara kontzienteak». Bere hitzetan, eredu berri hau etorkizuneko proiektua da. «Badirudi kanpotik etorri behar dela norbait esatera eredu hau izugarria dela, erreferentzia falta zaigu». Eta bere ustez, aztertutako adibideek argi uzten dute partaidetzaren arrakasta.
Azken pausoa falta
Ondo baliatzen bada partaidetza hori enpresa baten «motorra» bihurtuko dela esan du, eta finean, denak aterako direla irabazlen: bai langilea, baita enpresaren jabeak ere enpresa ez badago langileen esku. Gainera, aberastasuna banatzeko aukera ezin hobea ikusten du. «Elkarte askok ezingo lukete aurrera egin enpresen laguntzarik gabe».
Nahiz eta ereduaren onurak azaldu dituen, Elorzak esan du gutxi direla eredu honen aldeko apustua egiten dutenak, eta sindikatuen pauso hori botatzen du faltan. «Inori ez zaio gaizki iruditzen eredua, baina pausoa ematerakoan inor ez da ausartzen; ez dira ohartzen guztientzako onuragarria den eredua dela hau».