Trafiko eta Aparkamenduaren ordenantza berria onartu da. 23:00etatik 10:00etara egoiliarrek bakarrik aparkatu ahal izango dute gune berrian. EH Bildu abstenitu egin da
Ezkiaga auzoa.
Otsailaren 4ko Beasaingo Udalaren azken osoko bilkuran, Trafiko eta Aparkamenduaren ordenantza berria onartu zen, EAJ ren eta PSE-EEren 11 botoekin. EH Bildu abstenitu egin zen.
2015eko azaroan egindako trafiko azterketaren ondorioak jaso ditu ordenantza berriak. Aldaketa nagusia Ezkiaga auzoan egingo dute, sektore edo eremu gorria sortuta. Joan XXIII.a kalea, Arantzazu kalea, Muxika kalea eta Mariarats kalea (2tik 11ra bitartean dagoen aparkalekuraino, aparkalekua kanpoan utziz) Oriako pasealekua eta Ezkiaga etorbidea (Joan XXIII.a kaleko bidegurutzetik Oriako pasealekua 18raino) hartuko du sektore gorriak.
Ondorioz, astelehenetik ostiralera, 23:00etatik 10:00etara bitartean, Ezkiagako egoiliarrek bakarrik aparkatu ahal izango dute bertan, ordutegi mugarik gabe. Sektore gorriko egoiliar txartela dohainik izango da eta ez da iraungiko.
Gune gorriko egoiliar txartela duten ibilgailuek erdiguneko sektoreetan ezin izango dute aparkatu; eta erdiguneko egoiliarrek ere ezingo dute Ezkiagako gunea erabili.
Beste bi aldaketa ere ekarri ditu ordenantza berriak. Batetik, Bernedo Eneako TAO gunea txikitzea; hau da, Bernedo Enea osoa TAO gabekoa izango da. Osasun Zentroaren parean dauden TAO aparkalekuak bakarrik mantenduko dira. Bestetik, Gipuzkoa plazan egun osoan aparkatu ahal izango da hemendik aurrera, denbora mugarik gabe.
EH Bilduren abstentzioa
EH Bildu abstenitu egin zen TAOren ordenantza berriaren bozketan. «Aldaketa gehienekin ados gaude. Baina Ezkiagakoak zalantzak sortzen dizkigu», esan zuen EH Bilduko Koldo Agirrek. «Batik bat, aurreko legealdian jarri zen gauza bat funtzionatzen ari delako. Zalantzak ditugu oso leku esklusiboa geldituko delako eta bestetik, hori kontrolatzeko zailtasunak izango direlako. Ordenantzak betetzeko modukoak egin behar dira», zehaztu zuen EH Bilduko bozemaileak.
Aitor Aldasoro alkateak erantzun zioenez, «guk ere ez dugu ziurtasunik funtzionatuko duen ala ez. Arazo puntual bati erantzun zitzaion Ezkiagan, eta gune horretan funtzionatzen du, baina inguruan dauden arazoak bere horretan jarraitzen du. Horregatik gehituko dugu gune berria. Ez da dagoenak ez duelako funtzionatzen, baizik eta funtzionamendu hobe bat lortu daitekeelako modu horretara».