Bihar hitzaldia egingo du Miriam Orozkok (Legazpi, 1986), kultur etxean, 18:00etan. Sarean erosketak egiteak dituen arriskuak azaldu eta aholku praktikoak emango ditu.
KZ Gunea, ohiko zerbitzuak eskaintzeaz gain, hainbat hitzaldi antolatzen ari da azkenaldian.
Smartphone-ak izan zituzten hizpide aurreko batean. Bihar, berriz, sarean erosketak egiteari buruzko hitzaldia egingo du Miriam Orozkok, Legazpiko KZ Guneko dinamizatzaileak. Sarean erosketak modu seguruan egiteko pautak emango ditu. Hitzaldia gaztelaniaz izango da, eta doakoa da.
Zeri buruz hitz egingo duzu biharko hitzaldian?
Sareko erosketen inguruan egingo dut hitzaldia: erosketa seguru bat egiteko jarraitu beharreko irizpideak, ordainketa seguruak nola egin, nola saldu daitekeen internet bidez…
Gorantz doan joera da sarean erostea, ezta?
Bai. Hasieran denda handiek baino ez zuten saltzen Internet bidez. Orain, ordea, gero eta denda txikiagoak hasi dira. Ahal duten neurrian, denda handien konpetentziari aurre egin nahi diote online komertzioan murgilduta.
Baditu arriskuak sarean erosteak?
Noski. On-line dendak hedatu diren heinean, gezurrezko dendak ere zabaldu dira sarean. Denda horietan gure datuak eta klabeak sartzea arriskutsua da.
Nolakoak dira aipatu dituzun gezurrezko on-line denda horiek?
Begi bistaz ez da antzematen faltsuak direla. Orrialdean sartzen zara, eta denda baten orrialdea dela ematen du. Produktuen katalogoa du, prezioak… baina faltsua da. Denda horrek ez du existitzen. Jendearen datuak lortzeko erabiltzen dute.
Zein aholku emango dituzu hitzaldian?
Oso aholku sinpleak izango dira, errazak. Adibidez: webgune bat segurua izateko, helbidearen hasieran
https izan behar du.
S hori ez badauka, ez ginateke fidatu behar. Ondoan kandadu txiki bat agertu ohi da. Horrek esan nahi du webgunea segurua dela eta lasai egin ditzakegula ordainketak bertatik. Ordenagailuan antibirusa izatea ere komenigarria da. Antibirusek seguruak ez diren orrialdeez ohar- tarazten gaituzte.
Zein da ordainketak egiteko modurik seguruena?
Modurik seguruena PayPal erabiltzea da.
PayPal bankuaren eta dendariaren arteko bitartekaria da. Horrek bermatzen dizu zuri paketea ongi iritsiko zaizula, eta behin paketea jasota,
PayPalek dendariari ordaintzen dio. Kontsumitzaileari bermeak eskaintzen dizkio. Bestetik, bankuek izaten dituzte tarjeta birtualak deitutakoak ere. Tarjeta horretan erosketak egiteko adina diru sartzen duzu, eta gero ez duzu sarean zure kontu korronteko zenbakia sartu beharrik. Tarjeta birtual horretako zenbakia sartuta nahikoa da. Jende edadetuarentzako errazagoa da tarjeta birtualak erabiltzea,
PayPal oso abstraktoa iruditzen zaielako.
Nola ziurtatu Internetez erositakoa espero duguna izatea?
Ongi irakurri behar dira deskribapenak eta, argazkia ageri bada, hobe. Letra txikia ere ondo irakurri behar da. Askotan gertatzen da zerbait eskatu eta iristen zaiguna ez izatea espero genuena.
Jendea konsziente al da Internetez erosteak dituen arriskuez?
Nik uste dut baietz, gero eta gehiago. Internetez gero eta gehiago erosten dugunez, arriskuez ere gero eta gehiago jabetzen gara.
Kontsumitzaileen eskubideez ere hitz egingo duzu.
Nahiz eta sarean erosi, kontsumitzailearen eskubideak mantendu egiten dira. Adibidez, produktuaren aldaketa egiteko aukera dago, dirua itzultzekoa… Garrantzitsua da erosleek hori jakitea. Horregatik komeni da webgunean ongi irakurtzea zein baldintzatan erosten ari zaren.
Zeini zuzenduta dago hitzaldia?
Edonori, bai kontsumitzaileei, baita dendariei ere. Ahal bada, izena eman behar da, KZ Gunera deituta.