Harrijasotzailea da Xabier Aranburu 'Guzta' idiazabaldarra. Larunbatean Igarondo pilotalekuan bere marka pertsonala hobetzeko saiakera egingo du. 213 kiloko harria jasotzen saiatuko da.Larunbatean zure marka pertsonala hobetzeko saiakera egingo duzu. N...
Harrijasotzailea da Xabier Aranburu ‘Guzta’ idiazabaldarra. Larunbatean Igarondo pilotalekuan bere marka pertsonala hobetzeko saiakera egingo du. 213 kiloko harria jasotzen saiatuko da.
Larunbatean zure marka pertsonala hobetzeko saiakera egingo duzu. Nola sentitzen zara?
Ditudan sentsazioak onak dira, gustura nago. Larunbatean beste kontu bat izango da, horrelako saio batean beti ateratzen dira nerbioak, eta ez dakizu oso ondo nola joango den saiakera. Egia esan, etxeko lanak bezala egin, eta marka berria lortzen badut, egun borobila aterako da.
Jada egin dut azkeneko entrenamendua, eta gustura nago, emaitza ona izan da. Larunbatean ikusiko da ea lortzen dudan marka pertsonal berria.
Zein da orain arteko marka?
200 kilo da gehien altxatu dudan pisua horrelako saio batean, hori da orain arteko nire marka pertsonala. Ikusten nuen salto txiki bat emateko garaia zela, eta agian gehiago altxatzea lortu nezakeela. Horregatik egingo dut saiakera.
Zer aurkituko du larunbatean Idiazabalera joaten denak?
213 kiloko harria jasotzen saiatuko naiz, ’17 arroa’ izenez ezagutzen dena. Idiazabalgo Igarondo pilotalekua izango da nire plaza, eta 18:30ean hasiko naiz saiakera egiten. Harria errektangularra izango da, eta altxaldia egiteko bost minutuko denbora izango dut. Horrez gain, aizkora erakustaldiaz gozatzeko aukera ere izango du gerturatzen den orok. Aizkolariak Joxe Ugarteburu, Xabier Dorronsoro, Aitor Urteaga eta Mikel Larrañaga izango dira. Giro polita egongo da, eta jendea inguratuko dela espero dugu.
Noiztik zabiltza harriak jasotzen?
Orain dela lau urte inguru hasi nintzen harri-jasotzaile moduan. Egia esan, harria jasotzea kirol gogorra da. Esan ohi den moduan, maitasun handia behar da kirol honekiko, eta bakoitzak bere buruarekiko ere bai. Harriak jasotzen asko sufritzen du gorputzak, eta ondoren lasaitu egin behar izaten da.
Zenbatetan entrenatzen duzu?
Astean bitan, gehienez ere. Normalean, saio bat nahiko fuertea eta intentsua izaten da, eta bestea, lasaiagoa. Pentsa, entrenamendu batek esfortzu handia eskatzen badu, ondorengo hamar egunak gorputza bere onera itzultzen pasa ditzakezu. Asko dirudi, baina gorputzak hala eskatzen du. Eta ez da ahaztu behar ondorengo egunetan izaten den nekea, agujetak… Baina azkenean gustukoa egiten nabil, eta oraintxe ditudan sentsazioak oso onak direnez, larunbatean marka berria lortzea espero dut.