Orekan Bizi Naiz eta Bealak taldeek elkarlanean antolatu dute. Monozikloan 7 kilometroko ibilbidea egingo dute. Korrikarako 7 eta 14 kilometroko bi ibilbide daude aukeran. Izena eman daiteke
Martxoaren 13an, korrikalariak eta monoziklo zaleak elkartuko dira Beasainen, Bealak taldeak Orekan Bizi Naizekoei monoziklo lasterketa antolatzeko gonbitea luzatu eta Orekan Bizi Naizekoek, zalantzarik egin gabe, onartu egin dute. «Bealakekoak eskertu beharrean gaude», adierazi du Aritz Zeberio Orekan Bizi Naiz taldeko kideak.
Bealakek egun horretarako 14 eta 7 kilometroko VI. herri lasterketa antolatu du, Beasaingo kaleetan barrena. Monoziklista zaleak bi lasterketa horien tartean ateratako dira. Oraindik ordua erabat zehazteko daukate.
Korrikalarien ibilbide bera egin beharko dute monoziklo zaleek; zazpi kilometroko ibilbidea. Herriko plazatik abiatuta, Antzizar kiroldegiraino joango dira, eta tren geltokitik barrena, Ordiziako Otegi armategian buelta hartuko dute berriz ere Kale Nagusitik gora plaza pareraino iritsi arte.
16 urtetik beherakoek, berriz, 3 kilometrokoa egingo dute. «16 urtetik beherakoek ibilbide erdia egingo dute. Gipuzkoa plazan hartuko dute plaza alderantz». Ordu erdirako lasterketa osoa bukatuta egongo dela aurreratu du Zeberiok.
50 bat monoziklo zalek parte hartzea aurreikusten dute: 16 urtetik beherakoetan 30 bat lagun espero dituzte eta helduetan 20-25. Helduen kasuan, «horrelako lasterketetan gurpilaren neurrien arabera bereizten dira mailak, baina hemen batera egingo dugu denok. Sei bat monoziklo zale gurpil handiarekin aterako gara, 36 pulgadakoarekin».
Izena aurretik ematea komenia da,
orekanbizinaiz@gmail. com posta elektronikora mezua bidalita. Lasterketan parte hartzeko 16 urtetik gorakoek 10 euro ordaindu beharko dituzte; 16 urtetik beherakoek, berriz, dohainik dute.
Beasain monozikloaren hiriburua bihurtuko da berriz ere. «Martxokoa Monoziklo zaleentzako errepideko Euskal Herriko eta Espainiako lehenengo lasterketa da. Downhilleko lasterketa ere lehenengoa izan zen», jakinarazi du Zeberiok. Aurten ere, Downhill proba antolatzeko asmoa badute.
Herri lasterketa
Korrikalariek ere 7 eta 14 kilometroko lasterketetan izena emateko aukera daukate
www.kirolprobak webgunean. 11:00etan hasiko dira bi lasterketak. Aurretik, umeentzako lasterketak egingo dituzte.