Eguraldi nahasiak lagundu ez arren, berritasunik aurkeztu da arlo ezberdinetan: babak eta ilarrak batetik, eta loreak bestetik.
Roberto Ruiz sukaldariak erosi zituen Kontxi Arizagaren aurreneko babak.
Udaberriko lehen seinaleak izan ohi dira ilarra eta baba. Aurten, nekez eta oso pixkanaka datoz biak.
Atzo lehen babak ekarri zituen Ordiziako ferira Kontxi Arizagak Zaldibiatik, 1,5 kilo, eta aire librekoak. Halakoak ziren berak zituen ilarrak ere. Bere ustetan, aurten gutxi izango da: «Lore ugari eman zuten, baina izotzak galdu zituen eta harrezkero bakan-bakan datoz» zioen. Saldu zituen babak (4 euro kiloa) leka eta guzti jateko modukoak ziren, fresko askoak. Eskutatik kendu zizkioten goizean goiz. Ilarrak, berriz, kiloa 12 euroan zituen salgai. Leka eta guzti saltzen direla kontuan izanik, hauxe da azoka honetako barazkirik garestiena, kiloko 300 bat gramo ale izaten baita behin leka kenduta. Hala ere, duela 10 urte prezio berean salgai ziren jadanik.
Zizak ugaritzen
Aurten, orain artean ezin esan ziza urtea izango denik. Tokika biltzen ari dira, baina ferian ez da seinale handirik. Atzo ere gehienak kanpotik ekarriak ziren.
Garai honetan propio zizak saltzera etorri ohi den Garbiñe Barandiaran atzo agertu zen Ander semearekin. 40 kilo ziza ekarri zituen, eta Lasak beste 50. Kiloa 32 eta 42 euro artean zen salgai. Onddoak ere bazituen Lasak, «pinutakoak», 32 euroan.
Berriak ezin aurreratuz
«Zaharrak gora eta berriak ezin aurreratuaz». Halakoxea da oraintxe baratzeetako panorama. Garatzen hasiak dira azakiak, perexila, eskarolak, borrajak eta errukula loretan dago. Aldiz, berriak oraindik nekez, bakan datoz.
Loreen atalean udaberri-udakoen aukera osatzen ari da. Atzo etxeko poza sinplea (1,1 euroa alea), diplademia (7 euro) eta surfinia (2,5 euro) gehitu ziren orain artekoen zerrendara.
Atzo Segurako Ondarre gazta zen salgai
12 hilabete 12 produktu kanpainaren barnean.
Udako frutak
Hasi dira dagoenekoz briñoia eta alberretxikua (4-6 euro kiloa). Lehen hauek Murtziatik ekarritakoak dira.