Elikadura jasangarriaren aldarria ikastetxetik udaletxera eraman dute Beasaingo ikasleek
Beasaingo bost ikastetxeek elikadura jasangarriaren gaia landu dute aurten ere Eskola Agenda 21 programaren barruan. Diagnostikoa egin, ondorioak atera, konpromisoak hartu eta proposamenak egin dituzte.
Hamaikagarren ikasturtea dute Beasaingo ikastetxeek, Eskola Agenda 21 programaren bidez ingurumenarekin lotutako gaiak aztertzen dituztela. Aurten, iaz bezala, elikadura jasangarria gaia landu dute. Ikastetxeko egoera aztertu eta arazoak eta irtenbideak landu dituzte. Herriko diagnostikoa ere egin dute. Udaletxera joan ziren atzo ikasleak, alkateari azterketaren ondorioak eta proposamenak aurkeztera. Lehen Hezkuntzako Lehen Zikloko ikasleek elikadura ohiturak (gosaria eta hamaiketakoa) aztertu dituzte, baita gosarian edo hamaiketakoan sortzen diren hondakinak ere. Hiru ondorio atera dituzte Beasaingo ikasleek: «Janari asko alperrik galtzen da. Zabor asko sortzen dugu, hamaiketakoa plastikoetan eta bilgarrietan eramaten dugulako. Eta goizeko jatorduetan ez dugu fruta gehiegi hartzen». Bigarren Zikloko ikasleek «gure aitona-amonen dietaren eta gure jatorduen artean» dagoen aldea aztertu dute. Atera duten ondorioetako bat da, «aitona-amonen garaian orain baino bertako eta garaiko produktu gehiago» jaten zituztela. Haragia ere askoz gutxiago jaten zuten. Hirugarren Zikloko ikasleek frutaren kontsumo eskasa eta litxarrerien gehiegizko kontsumoaren inguruan hausnarketa egin dute. Hiru ondorio atera dituzte: Beasaingo saltokietan bertako produktu gutxi dagoela, gero eta saltoki gehiagotan saltzen dituztela produktuak solte, eta goxoki dendetan litxarrerien prezioak eta osagaiak ez dituztela ipintzen. Bigarren Hezkuntzako ikasleek zakarrontzira botatzen den janaria aztertu dute. «Konturatu gara ahalik eta janari gutxien utzi behar dugula platerean, gero zakarrontzira botatzea saihesteko. Komenigarria da, baita ere, dendan soilik beharrezkoa den kantitatea erostea». Erleen galera eta polinizaketa gaiak ere landu dituzte. Batxilergoko ikasleek landare hazien eta elikaduraren arteko harremana aztertu dute. «Haziak desagertzen ari dira eta horien desagerpenak bioaniztasunaren galera dakar», diote. Proposamenak Diagnostikoa egin ondoren, hainbat proposamen bideratu dizkiete ikasleek alkateari. Murumendiko ikasleek, edukiontzi marroia egun gehiagotan erabiltzeko aukera izatea, herriko komertzioetan iraungitzear dauden produktuen bilketa egitea eta produktuak herrian dauden laguntzeko erakundeetara bideratzea, herritarrei baratzak ipintzeko lurra eskaintzea, eta bertako produktuak saltzen dituzten dendetan pegatinak jartzea proposatu zuten. Alkartasuna Lizeokoek, eskolako patioan dauden hondakinak sailkatzeko edukiontziak husterakoan hondakin mota guztiak poltsa berean ez botatzea, eta kalean zakarrontzi egokiagoak jartzea eskatu zuten. Andramendi ikastolako ikasleek, sasoiko eta bertako elikagaiak gehiago sustatzea, azoka asteburuan egitea, litxarrerien kolorazteak eta edulkorazteak naturalak izatea, eta ondo elikatzeak duen garrantzia azpimarratzeko ekintza desberdinak egitea eskatu zuten. Loinazpe ikastetxekoek, azkenik, herritarrak intsektuen garrantziaz jabetzeko kanpaina bultzatzea proposatu zuten. Hamabi konpromiso
- Beasaingo bost ikastetxeetako ikasleek hainbat konpromiso hartu dituzte:
- Janari gutxiago bota eta soberan gelditzen zaigun janaria jaso beste baterako.
- Ontziak berrerabili eta ahal den gehiena birziklatu.
- Hamaiketako osasuntsuak egin.
- Eskolan elikadura jasangarriaren inguruan ikasten dutena etxean transmititzea.
- Solte erosten saiatu eta etiketak irakurtzeko ohitura hartu.
- Litxarreri dendetan produktuen osagaiak eta prezioak eskatzea eta txikleak lurrera ez botatzea. Gozokiak asteburuetan bakarrik jatea.
- Ahal dela bertan ekoiztu eta sukaldatutakoa jan, bertako eta garaiko produktuak kontsumitzen saiatuz.
- Fruta eta barazki gehiago eta haragi gutxiago jan.
- Hozkailuan eta armairuetan jakiak ordenan eduki.
- Ogia zati txikiagotan moztu eta soberan gelditzen dena ez bota.
- Erle bat ikusten denean urduri jarri gabe, bere lana egiten utzi.
- Bertako produktu ekologikoak kontsumitu, bertako mantentzeko.