Legazpiko azken tiraldian irauli du bolariak sailkapena. Emakumeen txapela Garbiñe Alustiza zeraindarrak jantzi du, eta gazteena Patxi Ormazabal gabiriarrak.
Goierriko 28. Bola Txapelketa larunbatean bukatu zen, Legazpin. Zazpi jardunalditan azkenekoan ezustekoak izan ziren. Lider joan zen Martzelino Agirrek lau huts egin zituen, eta sarien zazpi postuetatik atzera geratu zen. Zailtasun handiko tiraldia izan zen, kale askokoa.
Martzelinoren anaia Antonio Agirrek baliatu zuen egoera. Eguneko tiraldia irabazi zuen, 45 punturekin, eta sailkapen nagusian aurretik beste bost bolarik ere joko borobilik egin ez zutenez, txapela segurarrarentzat da (319 puntu denera). Bigarren Patxi Arrondo (317) eta hirugarren Luis Aizpeolea (316) geratu dira. Andoni Berasategi (316), Jon Orikain (314), Itoitz Alustiza (314) eta Iñaki Maiz (313) izan dira beste sarituak. Zazpi sari banatu zituzten, herriak adina.
Emakumezkoetan irabazlea
Garbiñe Alustiza zeraindarra da (284). Sei neskak parte hartu dute. Gazte onena Patxi Ormazabal gabiriarra izan da (241).