Apirileko azkena izan da atzoko azoka; eguraldi hotza eta araberako salmentak barazki eta lore salmentari dagokionez bereziki. Idiazabal gaztaren hilabetea amaitu da atzokoarekin.
Apirilak 28 egun handia da Araban eta seinale izaten da Ordizian ere bere hurbiltasuna; karakolak (8 euro kiloa) garai honetan ekarri izan dituzte, esate baterako. Zaldibiako Axun Etxeberria aritzen da biltze lanetan eta erreferentzia Beasaingo festak ditu, «San Prudentziorako baino gehiago saltzen da Beasaingo festetarako; elkarteetan badute ohitura jateko. Gainera, oraintxe irtetzen dira hauek eguraldi heze honekin». Laster, bezero batek «bareak karakolak jaten…» erantsi dio umorez.
Bestalde, ziza saltzaileek ere Gasteizen egiten dute merkaturik onena egun honetan. Garbiñe Barandiaran handik etortzen hasi zen joan den astean eta atzo, nonbait, bi azoketan saltzeko adina zizarik ez eta ez genuen Ordizian ikusi. Aldiz, Lasatarrak, Ordizian ez ezik Gasteizen ere izan ziren, lanak eta saltzaileak bikoiztuz. Mikel Gasteizen, eta Ramon aitak, hainbat urte Ordizian astero ikusi izan genuenak, hartu zuen
12 hilabete, 12 produktu kanpainaren barruan propio jarri ohi den postuaren ardura. Sukalde lanetan, berriz, Ordiziako Aldasoro jatetxeko Juanjo Martinez de Rituerto: porruak sagar eta Idiazabal kremarekin egin zituen, besteak beste.
Porru berria hasi da
Barazkiei begiratuz, porru berria ikusi genuen. Bitartekoa da hau, urtekoa bukatu eta hurrengoa izan artean landatzen dena; laster garatzen da eta horregatik landatu eta oso denbora gutxian fresko eta mehe jateko punturik onenean izan ohi da. Dozena 2,5 euroan zuen salgai Zaldibiako Kontxi Arizagak. Atzean izan ohi duen Gabiriako Oñatibi Txikiko Mirenek etortzeari utzi dio uda arte, zuen fruta generoa saldua duelako ja. Laster lehen marrubiak beharko genituzke. Iaz apirilaren bukaerako Aramakoak salgai ziren. Eguraldiak du hor ere azken hitza, eta aukeran fresko da. Kanpotik, Murtziatik mertxika ekarri dute (3-5 euro kiloa).
Barazki landare eta lore erosleek ere eguraldi epelagoaren zain segitzen dute. Eta oraintxe baratzeak urri diruditen arren. aukera polita eskaintzen dute: baba, ilarra, udaberriko aza eta lehen azalorea, bitarteko porrua, baratxuri freskoa, tipulina, azelga edo zerba, espinaka edo ziazerba, arbitxoak, apioa, letxugak, errukula eta, azkenetan, perexila, bruselaza, erremolatxa. Baina gogoa ja udako mozkinetan da.