Igandean egingo dute txirrindulari lasterketa, 09:30ean, Telleriarteko Txirrindulari Elkarteak antolatuta. Estatuko 27 taldek parte hartuko dute: guztira, 189 txirrindulari
Jaietako egitarauaren barruan, igandean Santikutz Klasika txirrindulari proba egingo dute Legazpin. 1929an hasi ziren lasterketa hau antolatzen, eta 1989az geroztik Telleriarteko Txirrindulari Elkartea arduratzen da probaz. Aurten, estatuko 27 taldek parte hartuko dute. Guztira, 189 txirrindularik eman dute izena. Enrike Bizkai elkarteko presidentearen hitzetan, «luxuzko parte hartzea» izango da.
Espainiako Koparako puntuagarria da Legazpiko lasterketa. Bederatzi probak osatzen dute Espainiako Kopa, eta Santikutz Klasika zortzigarrena da, azken aurrekoa. «Momentu honetan Espainiako Kopa gori-gori dago, eta lehenengo sailkatuek oso alde gutxi dute euren artean; hortaz, Legazpikoa oso lasterketa lehiakorra izango da», esan du Bizkaik.
Kale Nagusitik aterako dira txirrindulariak, 09:30ean. 141,5 kilometro egin beharko dituzte, eta ibilbidea aurreko urteetako bera izango da. Aztiriako eta Lierniko gainak pare bat aldiz igo beharko dituzte. Azkeneko itzulian, berriz, Udanatik Oñatira joango dira, eta Deskargatik itzuli. «Deskargako igoera azkena denez, erabakigarria izango da», esan du Bizkaik.
Bizkaik datu esanguratsu bat ere eskaini du lasterketaren aurkezpenean: iaz Santikutz Klasikan lehenengo geratu ziren hamabost txirrindularitatik 11 profesional mailan lehiatzen ari dira aurten. Esaterako, Julen Amezketa edota Alex Aranburu ezkioarra. «Legazpiko lasterketaren kalitatearen ispilua da datu hori», adierazi du Mikel Agirreburualdek, Telleriarteko Txirrindulari Elkarteko kideak.
Lasterketa garrantzitsua
Koldobike Olabide Legazpiko alkateak ere lasterketaren garrantzia nabarmendu du, batez ere, herri mailan. «Santikutz klasika, klasiko bat bihurtu da, eta Legazpiko jaiak ez lirateke berdinak izango lasterketa hau gabe». Bestalde, Telleriarteko Txirrindulari Elkartearen lana eskertu du, ez soilik lasterketa hau antolatzen duelako, baizik eta urte osoan antolatzen dituztenengatik, eta herriko gazteekin egiten duten lanagatik. Aurten 40 urte bete ditu elkarteak.
Andoni Goitia Bertan tailerreko ordezkaria ere izan da aurkezpenean. Santikutz Klasikaren patrozinatzaile nagusia da Bertan. «Ahal dugun bitartean jarraituko dugu lasterketa honi laguntzen, nahiz eta krisi garaiak izan», esan du.
Lehenengo sailkatuak ehun euro eta garaikurra jasoko ditu; bigarrenak, 75 euro eta garaikurra, eta hirugarrenak, 62 euro eta garaikurra. Beste hainbat sari ere izango dira: mendiko irabazlea, tarteko helmugak, lehen euskalduna, lehen gipuzkoarra, 23 urtez azpiko lehena eta talderik onena, besteak beste.
Esatari lanetan Arritxu Iribar ariko da, «luxuzko esataria», Agirreburualderen hitzetan. Bestalde, lasterketa
Etb 4 katean emango dute egunean bertan, 17:45ean. Aurrerago,
Teledeporte katean ere botako dute.