Dagoeneko zabalik dago Ordiziako Santa Ana jaietako kirol sarietarako hautagaiak proposatzeko epea. Kike Mokoroa kirol teknikariak eta Bittor Bolinaga zinegotziak Ordiziako udaletxean atzo egindako prentsaurrekoan luzatu dute hautagaien inguruko inform...
Kike Mokoroa eta Bittor Bolinaga, sarien aurkezpenean.
Dagoeneko zabalik dago Ordiziako Santa Ana jaietako kirol sarietarako hautagaiak proposatzeko epea. Kike Mokoroa kirol teknikariak eta Bittor Bolinaga zinegotziak Ordiziako udaletxean atzo egindako prentsaurrekoan luzatu dute hautagaien inguruko informazioa.
Sari horien xedea Ordiziako kirola bere osotasunean aitortzea eta ondorengoak saritzea da: kirolariak, izan duten ibilbideagatik; azken urtean gailendu diren elkarteak; eta, horiez gain, esker onez, bizi osoko dedikazio eta bokazioagatik laguntzaileak, antolatzaileak eta babesleak.
Sariketaren araudia
Sariak bi urtetik behin banatzen dira urteko azken hiruhilekoan. Kirol Aholku Batzordeak erabakiko du zein pertsona izango diren sarituak. Proposamen guztiak, Ordiziako elkarte edo ikastetxeek bideratuko dituzte eta kirolarien azkeneko hiru urteetako merituak aurkeztu beharko dituzte gutxienez.
Kirol sari horietan lau kategoria izango dira. Lehenengoan, gehienez bi mutili eta bi neskari bakarka emango zaie saria, igarotako urteko emaitzen eta proiekzioaren arabera. Kategoria horretan lorpen guztiak neurri berean baloratuko dira, kategoria eta sexuaren bereizketarik egin gabe. Sarituek 17 urtetik gora izan beharko dute eta Ordizian bizi edo kirol ibilbidea herrian egin dutenak izan beharko dute.
Bigarren kategorian kirol taldeak sartuko dira. Gehienez bi izango dira. Lehenengo kategoriako baldintzez gain, taldeko kirolarien erdiak Ordizian jaioak izan beharko dute.
Hirugarren kategorian kirolean laguntzen duten pertsonak sarituko dira. Laugarrenean, azkenik, kirolari laguntza ematen dioten enpresak hartuko dira kontuan.
Batzordeak sari bereziak emateko aukera ere izango du: kirol ibilbide bikaina izateagatik, eta eskola kirolean parte hartzen duen kirolari edo taldeari.