Lehiakortasunik gabeko iraupen luzeko mendi martxa ekainaren 12an da. Gaztetxoen artean ere mendizaletasuna bultzatu nahi dute 16,8 km-ko Aizkorrira Begira probarekin
Berrikuntzaz beteta dator aurtengo Tomas Salazar Aizkorriko Bira proba. Pasa den ostiralean Alberto Iñurrategiren hitzaldiarekin hasi zen aurtengo edizioa. Ekainaren 3an, berriz, Mendi Tour jaialdiko filmerik onenak ikusteko aukera izango da Beasainen. Eta azkenik, I. Mendi Marrazki eta Pintura lehiaketa antolatu dute.
Azkeneko berrikuntza horrekin, Tomas Salazarren bi zaletasunak uztartu dituzte: mendia eta pintura. 7 eta 16 urte bitarteko gaztetxoei zuzendutako lehiaketa da, eta mendia du gaitzat. «Bi ekintza hauetaz gain, bere bizitzan zehar umeei eskaini dien mendizaletasunarekiko heziketa ere gogora ekarri nahi dugu gaztetxoentzat antolatzen ditugun ekintza guzti hauekin», adierazi zuten Aizkorri elkartekoek Biraren aurkezpenean.
Beasaingo ikastetxeetan jaso dituzte antolatzaileek marrazkiak, 500 bat inguru. Bi maila bereizi dituzte: A saila 7-11 urte bitartekoena eta B saila 12-16 urte artekoena. Ekainaren 12an egingo da sari banaketa, 13:00etan, Aizkorriko Bira eta Aizkorrira Begira martxen helmugan.
Aizkorriko Bira
Gainerakoan, ekainaren 12ko Tomas Salazar Aizkorriko Biraren antolaketan buru belarri ari dira Aizkorri elkarteko kideak. Mendiko lasterketa lehiakorrak gero eta ugariagoak diren honetan, bi urtean behin, lehiakortasunik gabeko Tomas Salazar Aizkorriko Bira mendi martxa luzea antolatzen du 2002. urteaz geroztik Beasaingo Aizkorri mendizale elkarteak, mendizaletasuna bultzatzeko helburuarekin. «Aizkorriko Bira egiteko gehienez 14 ordu erabil badaitezke ere, parte hartzaileak kontroletatik pasatzean ez dute itxaron beharko eta beraien errekor pertsonalak bete ditzakete, nahiz eta bira honetan denborak ez diren aintzakotzat hartuko. Hau da, sailkapena ez da biraren helburua», diote antolatzaileek.
Elkartearen izenari men eginez, Beasaindik Aizkorrira bitarteko joan-etorria egiten dute mendizaleek, 52 kilometro guztira, eta 2.000 metroko desnibelarekin.
2008an Tomas Salazar izena hartu zuen Aizkorriko Birak, «elkarteko bazkide eta mendizaletasuna sustatzean partaide aktiboa izanik, 2006an elkarteak egindako omenaldian jasotako oparietako bat, birak bere izena eramatea izan zen», gogoratu dute Aizkorri elkartekoek.
Gazteak Aizkorrira begira
Aizkorri Mendizale Elkarteak bere sorreratik igandero gazteentzat mendi irteerak antolatzen dituela kontuan harturik, 8 eta 16 urte bitartekoentzat Aizkorrira Begira Gazteen Bira antolatzea erabaki zuten 2014an. «Aizkorri Beasaindik urruti geratzen den arren, Aizkorriko Biraren hasiera eta amaiera izango duen 16,8 kilometroko ibilbidea prestatzen da. Aizkorritik bueltan datozen helduekin batera iristen dira Beasaingo azken kontrolera».
Gazteak 08:00etan irtengo dira Beasaingo plazatik. «Ibilbidea helduekin batera talde- txoetan ibili behar da korrika egin gabe».
Bi probetarako aurrez izena ematea komeni da
www.tomasaizkorrikobira.com webgunean.