Supermerkatutik at, badira beste era batzuk kontsumitzeko eta erosketak egiteko, eta horiek agerian utzi nahi ditu Araman aurrenekoz egingo den Trukezokak. Lehen edizioa maiatzaren 29an egingo da.Kontsumitu ahal izateko hiru modu eskainiko ditu azoka h...
Bigarren eskuko liburu azoka ere egin izan dute Araman.
Supermerkatutik at, badira beste era batzuk kontsumitzeko eta erosketak egiteko, eta horiek agerian utzi nahi ditu Araman aurrenekoz egingo den Trukezokak. Lehen edizioa maiatzaren 29an egingo da.
Kontsumitu ahal izateko hiru modu eskainiko ditu azoka honek: trukea, enkantea eta inguruko elikagai eta ekoizleen produktuen salmenta. Gainera, haurrentzako birziklapen tailerra egingo da Aramako plazan. Gainera, zakarrontzirako bidean dauden objektuei bigarren bizia nola eman erakutsiko du Marta Art eskulan egileak.
Etxeko gailuak plazara
Etxeko ganbaran traste zahar ugari izaten dira gordeta, erabilerarik eman gabe. Horiek kalera atera nahi dituzte, eta herritarren artean trukea sustatu. Trukea galtzen ari da, eta praktika hori bultzatzeko saiakera egingo dute Aramako herriko plazan.
Herritar zein inguruko herrietako biztanleei dei egin die azokak, ganbaran gordeta edo gehiago erabili nahi ez dituzten objektu eta era guztietako gailuak kalera atera eta elkarrekin trukatzeko.
Enkante solidarioa
Azokak, gainera, badu helburu solidarioa, eta horretarako enkantea ere egingo da herritarren
donazioei esker. Altzari nahiz bestelako elementuak jarriko dira enkantean, guztiak ere herritarren eskuzabaltasunari esker lortutakoak. Egunean bertan eraman ahal izango dituzte herritarrek enkanterako osagaiak, eta bildutako dirua Etiopia Utopia fundaziora bideratuko da.
Bertako ekoizleak
Denetara, Arama eta inguruko herrietako bederatzi ekoizlek jarriko dute postua herriko plazan, eta orotariko produktuak topatu ahal izango dira bertan:loreak, xaboi ekologikoak, nekazal produktuak, haragia, eskulanak… Modu horretan, Araman bertan dagoen ekoizpen ezberdinentzako erakusleiho izango da Trukezoka.