Galdeketarako protokoloa osatu eta bi batzorde eratu dituzte ondo betetzen dela ziurtatzeko. Aurretiazko botoa emateko aukera izango da herririk gehienetan
Ekainaren 5eko galdeketa «berme osoarekin» egin nahi du Gure Esku Dago egitasmoak, eta horretarako bi batzorde osatu dituzte. Batetik, abokatuz eta juristaz osatutako lau laguneko berme batzordea; eta bestetik, larogei laguneko jarraipen batzorde bat. Anartz Goiak azaldu duenez, galdeketarako sortu duten «protokoloa betetzen dela ziurtatzea» izango da bi talde horien zeregina.
Galdeketaren egunerako prestatu duten protokoloak hainbat neurri jasotzen ditu bere baitan. Hala, galdeketarako lekuak eta ordutegiak, segurtasun bermeak eta erantzukizunak, datu pertsonalen babesa, zenbaketarako arauak edo bozkatu ahal izateko bete beharreko baldintzak zehaztu dituzte, besteak beste.
Ekainaren 5erako 16 urte beteak dituzten goierritar guztiek eman ahal izango dute boza egun horretan. Bozkatzeko, nortasun agiria erakutsi beharko da, adina eta bizilekua egiaztatzeko. Atzoko agerraldian zehaztu zutenez, NANarekin bozkatu beharko da; EHNArekin botoa eman nahi dutenek, errolda agiria ere ekarri egin beharko dute.
Goiak argi utzi nahi izan du «horrelako galdeketa bat antolatzeko garaian laguntza instituzionalik ez» dutela izan, eta horrenbestez, bozkatzaileen zerrenda ofizialik ez dutela izango. Hori dela eta, garrantzia berezia eman nahi diote boto emaile bakoitzak bere nortasuna ondo agertzeari. Batetik, «pertsona berari bi aldiz bozkatzen ez uzteko», eta bestetik, «bozka kopurua egokia dela bermatzeko modu bat» finkatzeko.
Kostu ekonomiko handia
Bestalde, horrelako galdeketa bat antolatzeak duen kostu ekonomikoa nabarmendu nahi izan dute antolatzaileek. Ez dira «inondik inora» ohiko hauteskundeek izaten duten kostura gerturatuko, baina esku artean duten aurrekontua 60.000 eurokoa dela zehaztu dute. Gastu horri aurre egiteko dituzten diru iturriak kamiseta eta errifen salmenta eta herritarren diru ekarpenak dira.
Bestalde, antolatzaileek esker ona agertu diete orain arteko ekitaldietan parte hartu duten herritarrei, boluntarioei eta galdeketa antolatzeko lanetan dabiltzan guztiei.
Mosaikoa Larraitzen
Ekainaren 5eko galdeketa girotzeko ekitaldien barruan, Gure Esku Dagok jaialdia antolatu du Larraitzen, larunbat honetarako. 11:00etan bilduko dira. Segalarien eta herritarren artean mosaikoa osatuko dute, eta airetik aterako dute argazkia.
Legazpiko Gure Esku Dagok, bestalde, mahai-ingurua antolatu dute gaur iluntzerako. Eñaut Apaolaza eta Joseba Barandiaran ariko dira hizketan, Nekane Gonzalezek gidatuta. Saioa 19:00etan izango da, Legazpiko kultur etxean.
Lazkaon berriz, galdeketari babesa emateko, bizikletekin eta txilibituekin ibiliko dira herrian barrena. Bihar 19:00etan elkartuko dira, herriko plazan.