Ibilbide luzeak 122 kilometro izango ditu; 88 kilometro, berriz, laburrak. 400 pertsonek hartu dezakete parte gehienez. Altamirako igoeraren ordez Gaintzako igoera sartu dute
Aurten ere, hirugarren urtez jarraian, Ordiziako Zikloturista elkarteak antolatu du Goierri Ezagutzen martxa zikloturista. Momentuz 140 pertsonek eman dute izena. Aurreko urteetako ibilbideen zatirik handiena mantendu egin dute, baina parte hatzaileen iritziak aztertu eta gero, Lazkaomendiko igoera kentzea erabaki dute eta bere lekuan Gaintzakoa sartzea erabaki dute.
Bi Ibilbide izango dira
Aurtengoan ere bi ibilbide daude, bata luzea, 122 kilometrokoa eta nahiko gogorra, eta bestea motzagoa, 88 kilometro izango dituena eta eramangarriagoa. Bata ala bestea egin, tarifa eta inskripzio berdina da, beraz, egunean bertan, martxaren arabera erabaki daiteke ibilbide motza egin, edota luzea.
Aurreko urteko proba egin eta gero parte hartzaileei ibilbidearen inguruko galdetegi bat pasa zieten. Orokorrean balorazioa positiboa izan bazen ere, gehienek Altamirako igoera aldatzea proposatu zuten, eta hori dela eta aurtengoan Altamiratik Lazkaomendirako igoera ez sartzea erabaki dute. Bere lekuan Gaintzako igoera sartu dute. Izan ere, Orendaindik Larraitzera, eta ondoren Gaintzarako bidea Goierriko paraje oso polita da.
Izena emateko azken eguna
Goierri Ezagutzen zikloturista martxan parte hartu nahi duenak gaurko 23:59a arte izango du izena emateko. 16 urtetik beherakoek ezin dute parte hartu.
Bestalde, aldez aurretik dortsalak jasotzeko aukerarik ez duenak probaren egun berean jaso ahal izango ditu. Arropak Beti-Alai pilotalekuan jasoko dira. Derrigorrezkoa izango da lizentzia edo NANa aurkeztea. Informazio gehiago
www.ordiziakoziklturistak.com webgunean dago.