Herriz herriko lanketen bidez, herritarrei parte hartzeko eta ahal bada laguntzeko deia luzatu diete. Egindako galdeketen balorazioa eta datozenen plangintza orokorra ere zabaldu dute.
34 herritan galdeketak egin (tartean Goierriko 22 herriak) eta bi astera egin du Gure Esku Dago herri dinamikak bazkideen aurreneko batzar nagusia. Larunbatean egin zuten Eibarren. Bertan, egindako galdeketen balorazioa egiteaz gain, etorki- zunerako oinarri eta erronkak aurkeztu zituzten.
Batzarrean esandakoaren arabera, dinamikak «ilusioarekin eta konpromisoarekin» helduko dio datozen hilabeteetako eta urteetako plangintzari. Zentzu horretan, esku artean «erronka handia» daukatela diote, baina horri erantzuteko gogoz daudela nabarmentzen dute: «Bere neurriko arduraz eta gozo helduko diogu; ilusioz eta konpromisoz».
Etorkizunari begira hainbat baliabide indartu behar dituztela dio Gure Esku Dagok, baina bereziki baliabide ekonomikoak, «egoerak hala eskatzen duelako». Gisa horretan, dinamikak hainbat egitasmo jarri ditu martxan herriz herriko lanketaren bidez. Horrela, herritarrei bertan parte hartzeko, eta ahal bada laguntzeko deia luzatu dute.
Batetik, dinamikak kontu korronte baten zenbakia zabaldu du, nahi duen jendeak diru ekarpenak egin ditzan. Beste aukera, berriz, bazkide egitea da. Gaur egun Gure Esku Dagok 1.500 bazkide ditu, «indartsuago» ibiltzeko beharko lukeenaren %10a. Egitasmo horien informazio guztia dinamikaren web orrialdean dago ikusgai.
Hurrengo erronkak
Datozen hilabete zein urteei begira zein erronka nagusi dituzten ere azaldu zuten larunbateko batzarrean.
Izan ere, datorren ikasturterako «60 herritan baino gehiagotan» galdeketak iragarri dituzte. Eta nahiz eta oraindik ez iragarri, «horretarako urratsak ematen ari dira dozenaka herritan» ere. Horrela, dinamikak baikor ikusten du egoera: «Erabakiaren bidean pauso sendoak ematen ari gara. Erabakitzen hasi gara».