Gaur 39 gradura iritsi dira tenperaturak
Bero kolpeak ez du atsedenik hartu gaur, eta atzokoaren aldean, ia bi gradu gehiago hartu dituzte gaur Goierriko termometroek. Euskalmet meteorologia agentziaren arabera, 15:10ean 39,1 gradu neurtu dituzte Ordiziako meteorologia gunean; atzo, 37,3koa izan zen jasotako baliorik altuena.
Beroari aurre egiteko, ondo hidratatu, itzaletik ibili, eta umeekin eta adinekoekin kontu handia izateko deia egin dute osasun zerbitzuek.
Bihartik aurrera, freskatzera
Euskalmeten iragarpenaren arabera, bihar tenperaturak jaitsi egingo dira. Ipar-mendebaldetik joko du haizeak, eta 8-10 bat gradu gutxiago egin ditzake. Hala ere, litekeena da barnealdean 30 gradu ingurura iristea. Arratsalderako, hodeiak agertu eta zaparradaren bat edo beste bota dezake han-hemenka.