Europako Inertzia Kirolen Txapelketan parte hartuko du Julen Agirreburualdek (1988, Legazpi), bigarren urtez. Belgikan jokatuko da aurten txapelketa, uztailaren 29tik 31ra.Noiz eta nolatan hasi zinen goitibeherak gidatzen?Txikitatik gustatu izan zait g...
Europako Inertzia Kirolen Txapelketan parte hartuko du Julen Agirreburualdek (1988, Legazpi), bigarren urtez. Belgikan jokatuko da aurten txapelketa, uztailaren 29tik 31ra.
Noiz eta nolatan hasi zinen goitibeherak gidatzen?
Txikitatik gustatu izan zait gurpil gainean ibiltzea: goitibeherak, bizikleta, kotxeak… Lehenengo goitibehera hamabi bat urterekin egin genuen, lagun artean. Denborak aurrera egin ahala, lagunak afizioa galtzen joan ziren, baina nik interesa izaten jarraitu nuen. Zumarragako festetan egiten zen lasterketa ikustera joaten nintzen, besteak beste. Hamasei urterekin parte hartu nuen nire lehenengo lasterketan, Urretxuko jaietan.
Denboraldi batean utzi egin behar izan zenituen goitibeherak.
Txirrindularitzan ibiltzen nintzen, eta ez ziren bateragarriak. Lesio baten ondorioz txirrindularitza utzi behar izan nuen, eta orduan hasi nintzen buru-belarri goitibeherekin. 2011n Legazpiko lasterketan parte hartu nuen, eta irabazi egin nuen. Eta pixkanaka gero eta lasterketa gehiagotan probatzen hasi nintzen. 2013an, dagoeneko, euskal liga osoa egin nuen, eta irabazi egin nuen. Kanpora irtetzen ere hasi nintzen orduan.
Kanpoan, zein lasterketatan parte hartu izan duzu?
Gehienbat Espainiako Kopan eta Kantabriako Kopan parte hartu izan dut. Lasterketa solteetan ere bai, Asturiasen eta Galizian, adibidez. Saiatzen naiz alde batera eta bestera mugitzen. Euskal Liga bitan irabazi dut, eta Espainiako Kopan bigarren eta hirugarren postuak ditut lortuta. Lanagatik, ezin izaten dut lasterketa guztietan parte hartu, eta ezin lehenengo postua lortu.
Nola entrenatzen zara?
Lasterketetan parte hartuz. Bestela, nahiko ilegala da goitibeherekin errepidera irtetzea. Noizbehinka errepidera irtetzen garenean, ez gara entrenatzera irtetzen, goitibeherak probatzera baizik. Kotxe bat joaten da aurretik, eta walkie-talkiekin harremanetan egoten gara. Beti kontuz.
Zerk du garrantzi handiagoa, pilotu on batek ala goitibehera on bat izateak?
Automobilismoan pilotuak garrantzi handia dauka. Goitibeheretan ere pilotuak zerikusi handia du, baina ibilgailuak ere badu garrantzia. Izan ere, kontuan izan behar da guk sortutakoak direla. Edo, nahiz eta erosiak izan, guk moldatzen ditugu gure beharren arabera. Beti ari gara ibilgailuak hobetzen, hau eta hura aldatzen.
Zenbat goitibehera dituzu?
Lehiatzeko bi dauzkat. Bat nahiko lehiakorra da, C4 kategoriakoa; euskal liga irabazi nuen harekin. Europako Txapelketan, ordea, C8 kategorian lehiatuko naiz, eta beste goitibehera bat prestatu dut. Car bat da, motorrik gabekoa, eta guztiz moldatua. Aurten horrekin ibili naiz lehiatzen. Bi horiez gain, gravity bike bat daukat. Bestalde, elkartean zortzi sputnik dauzkagu.
Europara eramango duzuna nolakoa da?
Europan C8 kategorian parte hartuko dut. Motorrik gabeko car-ak izaten dira. Baina ez da car bati motorra kentzean geratzen dena. Hutsetik fabrikatzen dira, inertzia kirolei begira. Ardatzak oso ezberdinak dira, gurpil bakoitza libreki biratzen da, car bati motorra kenduta baino azkarrago joaten da… Italian erosi nuen iaz, eta apur bat moldatu dut. Baina ez asko, legediaren barruan egin behar direlako aldaketak, eta oso mugatua da.
Zergatik erabaki duzu C8 kategorian lehiatzea?
C4 kategoria mundu bat da; 2.000 euroko goitibeheretatik 30.000 eurokoetara ikus ditzakezu. Nire goitibehera ez da horiekin lehiatzeko modukoa. Ondorioz, pentsatu nuen C8an lehiakorragoa izan naitekeela, ibilgailu guztiak antzekoak direlako. C8 oso garatutako kategoria da, eta Europan kategoria horretako ibilgailu guztiak oso antzekoak dira.
Bigarren aldiz parte hartuko duzu Europako Txapelketan.
Bai. Duela bi urte aukera izan nuen joateko, baina, lanagatik, azkenean ez zen posible izan. Iaz joan nintzen lehenengoz, Italiara. Hura ikusita, bueltatu beharra neukala pentsatu nuen. Aurten, langileekin erreleboak aldatuz moldatu naiz astebete libratu eta Belgikara joan ahal izateko.
Nolakoak izaten dira txapelketa horiek?
Hemengoen oso ezberdinak. Hemen ohituta gaude arratsalde batean elkartu, eta hiruzpalau ordutan lasterketa osoa egiten: egiaztapenak, hiru manga eta sari banaketa. Europako Txapelketan hiru egun izaten dira. Ostiralean berifikazioak egiten dira, nahiko gogorrak. Gero desfile bat egiten da, selekzioka. Larunbat goizean entrenamendurako manga egiten da, arratsaldean manga ofizial bat, eta igandean beste bi manga ofizial. Bi manga onenetako denborak gehitu egiten dira. Denbora asko hartzen da: bideoan ikusi, non hobetu aztertu… asko ikasten da, beste mundu bat da.
Espainiako federazioarekin zoaz. Zenbat joango zarete?
Espainiako federazioak hautatuta, zortzi edo hamar pertsona joango gara. Beste euskaldun bat ere joango da, bizkaitarra, baina hura Suitzako selekzioarekin joango da, han baitago lanean. Guztira 180 lagunek parte hartuko dugu.
Zein herrialde izaten da lehiakorrena edo gehien nabarmentzen dena?
Italia, Frantzia eta Belgika izaten dira potenteenak. Alemania eta Txekiar Errepublika ere aurrean ibiltzen dira. Jende asko mugitzen da herrialde horietan. Ez zaie inporta 1.000 kilometro mugitzea lasterketa batean parte hartzeko. Hemen, berriz, Kantabriara joatea ere asko iruditzen zaie batzuei. Han beste filosofia bat dute.
Noiz joango zara Belgikara?
Astelehenean. Antolakuntzak kanping bat jartzen digu. Aurreko egunak aprobetxatuko ditut ibilbidea aztertzeko, bertakoekin hitz egiteko… Maldan Beherako taldekide bat nirekin etorriko da, laguntzera.
Euskal Herrian lortu al da goitibeherak kirol modura ikustea?
Azken hiru urteetan Euskal Herriko federazioko kidea izan naiz, eta askotan tokatu zaigu herrietan ez ulertzea goitibeherak kirol bat direla. Festetako erakustaldi modura ikusten dute askok. Hala ere, uste dut gutxika jendea ari dela kontzientziatzen hau ez dela
sin frenos y a lo loco.
Zer dira goitibeherak zuretzat?
Zaletasun modura hasi zen zerbait, eta gaur egun denbora gehiegi kentzen didana. Beti goitibeherak buruan. Horregatik utzi dut Euskal Herriko federazioa, jada gehiegizkoa zelako. Hankak lurrean jarri beharra nuen. Goitibeherak eguneroko zerbait dira orain niretzat, eta ez nuen uste horretaraino iritsiko zenik.
Goitibeheran jaisteko leku kuttuna?
Euskal Herrian, Gernikako lasterketa oso berezia da. Bertan dagoen afizioa ez dago Euskal Herrian beste inon. Publikoa jendez betetzen da, eta ibilbidea oso polita da, Lumotik Gernikako herrigunera. Euskal Herritik kanpo, Oviedoko Naranco lasterketa. Berezia izan zen urte batzuk lehenago bizikletan igo nuen portu hura, goitibeheran jaitsi ahal izatea.