Festen aurreko feriak ohiko markak agertu ditu: Goierriko Bertso Eskolaren tonbola, plaza apaintzeko xingolak... Datorren asteko egun aldaketa, asteazkenetik ostegunera, ahoz aho dabil.
Santa Ana festen aurreko asteazkenean, urtero bezala, Goierriko Bertso Eskolakoen tonbola zen plaza ertzean, eta haren atzean, plaza barruan, marmelada postu berria: Erribera izenean, oso aukera berezia. Artisau eran landutakoak dira, gosarietako ohiko erabilpenaz eta gustuez gain, arrain zein haragi nahiz gaztekin batera jateko oso nahasketa bereziak egiten dituzte: tipula eta mahaspasa, tipula eta sagarra, piper edo limoi eta curry marmelada, esate baterako. Eta «txakolin ikutua ere badute», Erramun Beltzak adierazi zigunez. Uxue Maturana zuen lagun eta Segi Hiru enplegu bereziko zentrokoekin eginak dira. «Hernanin dugu kirofanoa», azaldu digute umorez, «elaborazio prozesua oso neurri zorrotzekin egina baita». Gustu berri asko aurkeztu dituzte, eta «beti proba berriak egiten ari gara, cava eta mahatsarekin esate baterako». Potetxoa 3,5 euroan zen salgai, eta hiruko kutxatxoa, 10 euroan.
Barazkietan aukera berririk ez, eta frutetan andere mahats beltza. Bukatu dira mugurdia, aran gorria eta kerezia. Marrubi gutxi zegoen eta, aldiz, San Joan sagarra ugaritu da. Barazkietan leka mota ugari zegoen: txapala, gorria eta baita borobila ere. Tomatea, oraindik berotegikoa da.
Mikologia atala onddo eta zizahorirekin osatu zen atzo, oporretatik bueltan Lasaren postura mugatuz eskaintza.
Landare postuetan udazkenean ia burua eta lanak: aza, azalore, bruselaza, romanesku, brokoli, kardu, zerba… Urritik aurrera jateko prest izateko, orain ekin behar horiek aldatzeari.
Rubiorenako sukaldetik
Rubiorena jatetxeko sukaldetik azokakora etorri zen Urki Balerdi, D’elikatuzek bultzatutako ekimenean. Hanburgesa begetala zerealekin prestatu eta probatzera eman zuen eguerdian.
Ostegunean izango da hurrengo feria, jaiak direla eta
Datorren astean ostegunez izango da Ordiziako merkatu hau. Santa Ana zaindariaren omenezko festaren ospakizunak eta feriak plazan eta beste tokietan beharrezkoa duen azpiegitura bateraezinak dira asteazkenean. Ordiziako hurrengo azoka, beraz, uztailaren 28an, ostegunean, egingo da.